Graduondoko hiru programetan izena emateko epea gaur hasi eta otsailaren 28an bukatuko da.
Gaur, otsailak 1, zabaldu da Elias Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) 2023-2024 ikasturterako izena emateko epea. Seigarren deialdi hau hilabeteko epe bakar batean egingo da. Hautagaiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Ibermediaren eta Projeto Paradisoren bekak eskuratzeko aukera izango dute.
Zine Eskolak proiektu pedagogiko bat eskaintzen du, graduondoko hiru programez osatua: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Programa horiek abiapuntu dituzte Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostiako Zinemaldiaren jakintza arloak:
Artxiboa graduondoaren helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezko ondarearen identifikazioan, sailkapenean, errestaurazioan eta zaintzan, eta espezialitatea bera planteatzen du sorkuntza artistikorako eremu gisa. Komisariotza graduondoan, zinea eta ikus-entzunezko arteak objektutzat dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketen kontzeptualizazioa, kudeaketa, garapena eta hedapena lantzen dira. Azkenik, Sorkuntza graduondoaren kasuan, obra bat sortzeko, esperimentatzeko eta burutzeko sorkuntza prozesuekin lotutako alderdi guztiak lantzen dira.
EQZEren plan akademikoa pentsatuta dago goi mailako unibertsitate titulu bat duten ikasleentzat (lizentzia edo gradua), edo eskuratzeko bidean daudenentzat, baita beste zine eskola batzuetako ikasle egresatuentzat ere. Salbuespen gisa, eskolak aztertu egingo ditu baldintza horiek bete gabe zinemagintzan esperientzia egiaztatua duten hautagaien kasuak.
Izen-ematea egin daiteke soil-soilik eskolaren webgunearen bidez (www.zine-eskola.eus). Izena emateko epea gaur zabalduko da eta Eskolaren Onarpen Epaimahaiak eta Zuzendaritzak aztertuko dituzte eskaerak. “Gerta daiteke plaza kopurua epe hori amaitu aurretik betetzea”, nabarmendu dute. Epearen amaiera otsailaren 28a izango da.
Espezialitate bakoitzak 15 ikasle izango ditu gehienez; beraz, 45 plaza izango dira guztira. EQZEren 2023-2024 ikastaroa irailaren 18an hasiko da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian