Erronda kaleko Bira Kulturgunean izango da hitzaldia asteazkenean, doako sarrerarekin, arratsaldeko 19:00etan.
“Eta hamar urtez konfinatuta egon izan bagina, nola aldatuko ziren gure hiriak? Eta gure bizimodua?”, galdera horiei erantzuna ematen ahaleginduko dira Ula Iuretagoiena eta Beñat Saratxaga asteazkenean, otsailak 8, Bilboko Bira Kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan, antolatu duten Errealitatearen agertokian izeneko hitzaldian.
Maiatzean Euskal Herriko kaleko arteen jaialdi nagusietara helduko den Asfaltoaren azpian euria kale ikuskizuna sortzeko Piszifaktoria Ideien Laborategia egiten ari den ikerketa prozesu komunitarioaren parte da solasaldi hau. “Gure hiriek gure bizimodua nola baldintzatzen duten aztertzea dauka helburu ikerketak, fikzioan oinarrituta”, azaldu dute.
Bilboko ikerketa-lanari amaiera emateko, gertatu ez diren errealitate posibleez hausnartzeko solasaldi berezi hau prestatu dute, euskaraz eta doako sarrerarekin.
Ula Iruretagoiena EHUko Arkitektura Eskolako ikerlaria eta irakaslea da eta Beñat Saratxaga arkitektoa eta Bilboko Behark arkitektura estudioaren sortzailea. Amaia Garate eszenografo eta arkitektoarena izango da solasaldia gidatzeko ardura.
Bilbon ekin dio Piszifaktoriak artea eta zientzia uztartzen dituen ikerketa prozesu honi, hiriko hainbat bizilagunekin, eta ondoren Gasteizera, Hendaiara edota Antsoainera joango dira Piszifaktoriako kideak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian