Joxemartin Apalategi Begiristain ikerketa-bekaren eskutik, Arinek bildutako toponimia digitalizatu da, baita ortografia aldetik egokitu ere.
Azken bi urteotan, Ataungo Udalak bidelagun izan du Euskaltzaindia euskara sustatzeko zereginean. Elkarlan hori 2021eko Joxemartin Apalategi Begiristain beka deritzonean gauzatu da. Ikerketa-bekaren babesean, Joan Arin Dorronsoro ataundarrak herrian egindako toponimia-bilketa aztertu eta digitalizatu da, baita ortografia egokitu ere, izenak erabilgarriak izan daitezen.
2020ko urrian, Ataungo Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Ondoren, Euskararen Akademiak bere gain hartu zuen bekaren zuzendaritza akademikoa, hain zuzen, Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazlearen eskutik. Era berean, Euskaltzaindiak Paskual Rekalde euskaltzain osoa beka esleitzeko epaimahaiko eta lantaldeko kide izendatu zuen eta Mikel Gorrotxategi Onomastika zerbitzuaren arduradunak egitasmoan behar zen aldiro parte hartzea onetsi. Bekadun Txema Zubizarreta hautatu zen, eta lanari 2021eko uztailaren 19an eman zitzaion hasiera. “Bi astetik behin elkartu gara laurok digitalizatze lanak behatzeko eta toponimo bakoitzari, dagokion fitxaren hasieran, datu basean bakartzen duen forma esleitzeko. Azpimarratzekoa da Zubizarretak erakutsi duen lanerako prestutasuna eta gogoa”, azaldu du Zalduak.
Aurrera jarraitzeko nahia ere azaldu du Ataungo Udalak, Arinek bildutako hizkuntza ondarea egungo mapetara ekarri nahi baitu; aurreko lanetan bezala, zeregin honetan ere Euskaltzaindia izango du bidelagun. “Arinek, haien ahozko formak eta idatziko lekukotasunak biltzeaz gainera, leku izen guztiak berak eskuz egindako krokisetan kokatu zituen. Horixe da, hain justu, bere lanaren alderdi baliotsuenetako bat. Lurrari lotutako elementuak izanik, kartografian adierazi ezean, toponimoak ‘hankamotz’ geratzen dira, euren balioaren parte garrantzitsua ezabatzen da”, azpimarratu du Martin Aramendi Ataungo alkateak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian