Arta kolektiboak larunbatean taularatuko du obra Oñatiko Santa Ana Antzokian, arratsaldeko 19:00etan.
“Ama-alaba harremanean, ahizpa arteko harremanean, eromenean, zaintzan, norbere buruaren barnean gertatzen den bidaia batean murgilduko gara Sehaska-kanta gorriari antzezlanarekin”. Arta kolektiboa da antzezlana sortu duena eta azaldu duenez, “diziplina anitzeko obra honen bidez, Alaine Agirre idazlearen lengoaia poetikoa, edertasuna, mina, sakontasuna eta begirada agertokira ekarriko ditugu, mutazio kontrolaezina akziora eramanez, geure burua erdituko dugulakoan, edo agian ez”.
Gentzane Martinez de Cestaferen zuzendaritzapean Irene Balzategi eta Amaia Castañeda ikusiko ditugu oholtza gainean. Hiru antzerkigile hauen artean sortu dute obra eta martxoaren 25ean, larunbata, izango du estreinaldia Oñatiko Santa Ana Antzokian, arratsaldeko 19:00etan.
Arta Kolektiboa
Lehen proiektu hau aurrera eramateko asmoz sortu zen Arta kolektiboa iaz. “Alaine Agirreren nobela irakurtzeak gure barruak mugitu zituen, eta honek gugan izan zuen erresonantziak elkartu gintuen”, azaldu dute bertako kideek. “Gure piezak ikerketa dramaturgiko, eszeniko eta sozialetatik abiatzen dira. Sorkuntza eszenikoa filosofiarekin, arte bisualekin, literaturarekin, arlo sozialarekin eta abarrekin nahastuz. Ikerketaren bidez esan nahi duguna kontatzeko bideak bilatzen ditugu”.
Kolektibo honen prozesuek besteengan eta bertako kideengan duten eraginaren kontzientzia hartuta, “gu bezala bizi eta esateko gauzak dituzten ahotsak entzutea beharrezkoa dela uste dugu. Horretarako, prozesuak zabaldu eta sorkuntzan bizikidetza posible bat proposatzeko bidean gaude”.
Kolektiboak nabarmendu duenez, %100ean emakumez osatua dago taldea. “Honen bidez, eremu artistiko guztietan ikusgarritasuna eman eta emakumeon sormenerako espazio propio bat sortu nahi dugu, emakumeekin lan egitea eta zaintza gure kolektiboan abiapuntutzat hartuz”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian