Andoaindarrak sortutako ilustrazioak datorren ekainaren 11ra arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.
Leire Salaberria (Andoain, 1983) Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon eta Bartzelonan Haur Ilustrazio eta diseinu grafikoko gradu ondokoa egin zuen. Ilustratzaile gisa 2011n hasi zuen ibilbidea eta Haur eta Gazte Literaturara bideratu du gehienbat bere lana. Arte Ederrak ikasten ari zela, erakusketak antolatzen hasi zen eta ordutik hona, bere lanak munduko hainbat herrialdetan egon dira ikusgai.
2011n argitaratu zuen bere lehenengo liburua eta, orduz geroztik, liburu andana ilustratu ditu Italian, Mexikon, Erresuma Batuan, Txinan, Txilen, Frantzian, Espainian eta Euskal Herrian. Euskarazko hiru album ilustraturen egilea da: Euria ari duenean (Pamiela, 2011), Hiltzaileak (Pamiela, 2014) eta Bat gehiago gara (Txalaparta, 2022) eta beste hainbat lanen ilustratzailea. Besteak beste, Iñigo Astizen, Alaine Agirreren eta Xabier Mendigurenen lanak ilustratu ditu.
Bere ibilbidean zehar hainbat sari eta aipamen eskuratu ditu. Besteak beste, 2014. urtean Sharjahko Nazioarteko Liburu Azokan ohorezko aipamena jaso zuen eta Etxepare Saria bi aldiz irabazi du Euria ari duenean eta Hiltzaileak liburuengatik. La familia panda liburuak (euskaraz Ba tgehiago gara izenburuarekin argitaratua) Miamiko Cuatro Gatos Fundazioaren 2022ko saria jaso berri du. Bere liburuetako batzuk, gainera, beste hainbat hizkuntzatara itzuli dira.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa eta Iban Illarramendi. Orain, Leire Salaberriaren txanda da.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian