Identitate garaikideak arakatzeko proposamena dakar Exorbita. Zinema, gorputzak eta espazio liminalak programak. Apirilaren 19tik 22ra, filmak, dantza-performance bat eta ikus-entzunezko instalazio bat eskainiko dira.
Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek Exorbita. Zinema, gorputzak eta espazio liminalak izeneko ekimena antolatu du Tabakaleran, apirilaren 19tik 22ra bitartean. Aurten, zentroko ikasleek antolatu izan dituzten zikloak eskaintzeko modua aldatu da, orain arte ikasturte osoan zehar, hilean behin egin baitira. Gonzalo de Pedrok irakasten duen Una semana ikasgaiaren emaitza gisa: film labur eta luzeen proiekzioak eskainiko dira, eta ikus-entzunezko instalazio bat eta dantza-performance bat ere izango dira.
Egitarauak identitate garaikideen iragankortasuna eta izaera fluidoa arakatzen ditu, eta gorputzen mugimendua, dantza, erritualtasuna eta bestelako alderdi batzuk aztertzen ditu espazio zinematografikoaren barruan. Testuinguru horretan, Tabakalerako zinema-aretoan ikusgai izango den zikloan obra garrantzitsuak izango dira; besteak beste, hauek: Goodbye, Dragon Inn (Tsai Ming-lian, 2001), zeinak hasiera emango baitio programari; Fiestas (Mary Jimenez, 1988), filmaren zuzendariaren parte-hartzearekin; Obscuro barroco (2017) Evangelia Kraniotirena; Supernatural (2022) Jorge Jacomerena; eta, itxiera-saioan, Liminals (2017) film laburra, Jeremy Shawrena. Film hauek osatuko dute programa: Ghost (Takashi Itô, 1984), Les Maîtres fous (Jean Rouch, 1955), Aribada (Natalia Escobar, Simon(e) Jaikiriuma Paetau, 2022), Fantasma, animal (Clemente Castor, 2020) eta Machine Porn from the Dark Ages: The Light Show (2022) Whitney Contirena (EQZEko ikaslea).
Tabakalerako Z aretoan egingo den jardueran, dantza izango da protagonista. Saioaren hasieran, dantzari eta jaiari lotutako identitate digitalen konfigurazioari buruzko film labur batzuk emango dira. Ondoren, tokiko Qbonitocolectivo dantza konpainiak ideia hori pantailatik espazio fisikora eramango du, programa honetarako propio sortutako pieza bat interpretatuta. Bestalde, Los Ingravidos mexikar kolektiboaren Tierra en trance (2022) ikus-entzunezko instalazioa erakutsiko da eraikineko 2. nabean. Bi jarduera horietarako sarrera librea izango da.
Elkarrizketak dituzten filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, azpitituluekin. Sarrerak webgunean eta Tabakalerako informazio-puntuan erosi ahal izango dira.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian