Estreinaldia baino lehen Bunker, antzezlanaren hitzaurre bat izango dena, taularatuko dute Gasteizko Hibridalab zentroan. Ekimen honek antzezlanean kontatzen diren istorioak osatzeko eta pertsonaiak sakonago ezagutzeko balioko du.
Thusia eta Piszifaktoria Ideien Laborategia konpainia arabarrek Hau ez da gerra bat antzezlana estreinatuko dute maiatzaren 10ean, Gasteizko Printzipal Antzokian. “Antzezlana sorpresaz beteriko artefaktu transmedia bat” izango dela aurreratu du lantaldeak eta zehaztu duenez, “istorioa osatuko duten hainbat antzerki-ekintza egingo dira. Horietako bat Bunker izeneko ikuskizuna izango da. Gerra hasi aurretik, bunker batean gordeko dira Lei, Zan eta Magenta pertsonaiak. Haiekin batera gordelekuan sartuko diren ehun lagunek haien aurrekariak ezagutuko dituzte, antzerki-esperientzia berezi batean”. Hau ez da gerra bat antzezlanaren hitzaurre bat izango da Bunker, antzezlanean kontatzen diren istorioak osatzeko eta pertsonaiak sakonago ezagutzeko balio duena. Bunkerrean piano bat izango dute protagonista, eta Igor Arzuaga musikariak antzezlanerako sortu duen soinu-banda joko du zuzenean. Bitartean, Aiora Sedano, Irati Agirreazkuenaga eta Gabriel Ocina aktoreek antzezlaneko pertsonaia nagusiak gorpuztuko dituzte, Mikel Ayllonen zuzendaritzapean.Ekimen berezi hau apirilaren 20an izango da, osteguna, Gasteizko Hibridalab zentroan, arratsaldeko 20:00etan. Egun horretan bertan, halaber, Arzuagak konposatu duen soinu-banda binilo formatuan eskuratzeko aukera izango da.Ikuskizun honetaz gain, hauezdagerrabat.eus webgunea jarri dute martxan. Bertan, audiofikzio bat entzuteko aukera dago, antzezlaneko giroan murgiltzeko aukera ematen duena.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian