Hamar ipuinez osatuta dago liburua eta bakoitzean emakume bilbotar eta euskaldun baten bizipenak kontatzen ditu Bakioko idazleak.
Iratxe Ormatza idazleak (Bakio, 1971) Printzak begietan izeneko ipuin bilduma aurkeztu du Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik. Lanak hamar istorio biltzen ditu eta horietako bakoitzak XX. mendeko hamarkada bakoitzari buruzko errealitatea azaltzen du.
Liburu honetako protagonistak Bilbon bizi diren hamar emakume euskaldun dira, 20-40 urte bitartekoak. Hamar emakume Bilboko kaleetan, momentuko giro sozial, politiko eta kulturaletan, minez eta pozez. Egileak azaldu duenez, protagonista guztiak oso desberdinak dira eta bakoitzak bere hamarkadan zer pentsatzen, zer egiten eta zer sentitzen zuen kontatzen du. “Emakume horiek beti irudikatu ditut lagun batekin edo gehiagorekin” dio egileak, horregatik adiskidetasuna da liburuan agertzen den beste gaietako bat. Idazleak adierazi duenez, “denok ditugu lagunak, batzuk hilabete batzuk gelditzen dira eta beste batzuk urteak, baina lagunak garrantzitsuak dira. Emakumeoi aurrera egiten laguntzen digute, edo gure ispilu dira”.
Testuinguruari dagokionez, XX. mendean izan diren aldaketei buruz idatzi du Ormatzak: jendea lan bila etortzea, zinema eta bestelako asmakizunak, iraultza asmoak, gerra ankerra eta gerraoste luzea, txabolak, askatasun-ametsak berriro itzartzea…
Hamarkada bakoitzari buruz kontatu nahi zuena benetakoa zela ziurtatzeko, asko dokumentatu behar izan dela aitortu du Ormatzak, batez ere hasierako hamarkadei buruz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian