Idazleak Euskal Herrian bere kokatze eta euskaldun bihurtu eta izatearen ibilbideaz dihardu liburu berrian. Gaur aurkeztu du lana Donostian, Pamiela argitaletxearen eskutik.
Mari Luz Esteban idazleak ondutako poema liburuetan harreman-sareetan arakatu izan du, “gutasunak zein nitasunak gorpuztean elkarrekiko harremanek, afektuek eta pentsamenduek zer-nolako eragina duten poetikoki adieraziz”, azaldu du Iratxe Retolaza editoreak. Lehen poema-bilduman, Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013), amaren genealogiak arakatzearekin batera, senidetasun- zein afektu-sareek sorturiko tentsio, desira, zauri zein grinak arakatu zituen; bigarren poema-bilduman, Andrezaharren manifestua (Pamiela, 2019), zahartzea bizitzeko, gorpuzteko eta birpentsatzeko moduez jardun zuen, begirada feminista ardatz izanda.
Gaur Haragizko erreformak izeneko olerki liburua aurkeztu du Donostian, Pamiela argitaletxearen eskutik. Hirugarren bilduma honetan, “genealogia geografikoetan, kulturaletan, sozialetan zein linguistikoetan arakatu du, askotariko adarkatzeez osaturiko genealogia afektibo eta politikoak poetikoki gorpuzteko”, adierazi du Retolazak.
Idazleak kontatu duenez, “Euskal Herrian nire kokatze eta euskaldun bihurtu eta izatearen ibilbideaz hitz egin nahi izan dut, ibilbide horrek dituen konplexutasun guztiekin”, izan ere, idazlea Burgosen jaio zen eta oso txikia zela Basaurira etorri zen bizitzera. Hala, liburu honekin, Basauriri aitortza bat egin nahi izan dio egileak.
Lehen atalean, oroitzapenen txatal poetikoak osatzen ditu idazleak, haurtzaroko geografia afektiboetan arakatuz, klase-kontzientziaren ernamuinak eta hizkuntza-kontzientziaren ernamuinak aletuz. “Kontzientzia ernaltze horren bizipen, eszena edo oroitzapen modura gorpuzten direnek, pixkanaka teorizatze poetikorantz egiten dute jauzi”, kontatu du editoreak. Teoria maketoa izeneko atalean kontzientzia ernaltze horrek sorturiko gogoeta poetikoa harilkatzen du, bere poetika edo bide estetikoa argitzeko urrats garrantzitsu bihurtzen dena. Bertan gurutzatzen dira aurreko ataletan printzaka aletuz joan diren zapalkuntza horien kontzientziak (feminista, herri-, hizkuntza- eta klase-kontzientzia…), posizio poetiko-politiko berri bat sortzeko, subjektu maketoarena, XXI. mendeko begirada batetik zeharkaturikoa.
Estebanek berriro ere subjektu poetiko-politiko bat sortzeko gaitasuna erakutsi duela dio Retolazak, “XX. mendeko hainbat zapalkuntza gurutzatu gogoeta poetikora bilduz, XXI. mendekoak birpentsatzeko akuilu poetiko pizgarri direnak”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian