Larunbatean izango da ikuskizuna Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta MusEkintza jaialdiaren barruan.
Garazi Etxaburu eta Jose Pablo Arriagaren Kandelak izeneko ikuskizuna izango da MusEkintza Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdiaren hamargarren jarduera. Ekainaren 10ean, larunbata, taularatuko dute eguerdiko 12:30ean, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan.
Kandelak dantza garaikidearen eta zurezko eskultura handien arteko uztartze berezia dela azaldu dute antolatzaileek. Etxaburuk bizitza emango dio Arriaga artistak egindako eskultura handi bati. “Koreografia indartsu eta gozoa da, kandeletako sugarren mugimenduetan inspiratua; irudi-bizipen emozional zirraragarria sortuko du”, azaldu dute.
Eskulturak hainbat geruza dauzka, elkarren gainean tolestuta, eta adiera asko hartuko ditu dantzaldiak aurrera egin ahala. “Pentsa daiteke haurdun dagoen emakumearen sabeleko azalaren metafora dela, hau da, bizitza berria gordetzen eta babesten duen espazio sakratuaren metafora. Dena den, barnean dagoenari aurre egin beharra ere iradokitzen du. Zenbait gauza izan daitezke: haur baten jaiotza, egonean dagoen larritasunaren agerpena edo barneko mamu zaharren askapena. Horiek guztiak azaleratzea funtsezkoa da bizitza osoan gozatzeko”, kontatu dute Etxaburuk eta Arriagak.
Ikuskizunera joan nahi duenak aldez aurretik erreserba egin beharko du 946 255 451 telefono zenbakira deituta. MusEkintzari buruzko informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus helbidean kontsulta daiteke.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian