Eskola Programan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collageekin osatu da erakusketa.
Bilboko San Ignazio auzoan kokatutako Euskararen Etxean dagoen Euskararen Interpretazio Zentroa (EIZ) berritu dute aurten. Horrekin batera, zentroari lotutako eta ikasleei zuzendutako Eskola Programa ere berritu da; hain justu, Eskola Programa horretan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collageekin osatu da Euskararen Etxean ikus daitekeen Euskararen Lorategia erakusketa koloretsu eta irudimentsua.
Eskola Programan EIZko edukiak lantzen dira, eta edukiok ikasmaila ezberdinetara egokitzen dira; Euskararen Lorategia, hain zuzen, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleekin jorratzen den jarduera da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabetu daitezen, eta euskararekiko duten harremanari buruz gogoeta egin dezaten. Horretarako, haien sormena garatzen dute collage teknikaren bitartez.
Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi ezagun batetik abiatzen da erakusketa: “Lorategi batean dauden hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu (euskaldunok) gara beste landare bat edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du”.
Bada, Barandiaranen hitz horiek oinarri hartuta, ikasleek euskararen askotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan hausnartu dute, jardun artistikoaren bitartez.
Emaitza askotariko landare eta loreekin osatutako lilitegi koloretsua da, harrigarria, hala eduki aldetik nola estetika aldetik. Izan ere, gazteek haien sormena erakutsi ez ezik, euskararekiko dituzten askotariko jarrerak eta aburuak ere irudikatu dituzte.
Horiek horrela, eta emaitzaren kalitateaz jabetuta, Euskararen Etxeak Euskararen Lorategia erakusketa abiatu du, zeina Euskararen Etxean paratuta egongo den ekainaren 12tik uztailaren 15era arte.
Azaldu dutenez, “interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteak askatasun osoz aritu baitira euskararekiko dituzten kezkak azaltzen. Horrekin batera, balio artistikoa ere nabarmena da. Ondorioz, ziur gaude bisitariek lorategi honetako lilien usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, baina, era berean, gazteen gaitasun eta kezkez ere ohartuko dira bisitariak, euskara eta gazteak uste baino lotuago baitaude”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian