Egitasmoa ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan egingo da. Ekainaren 24an Uxueko eta Martzillako emanaldiak hasiko dira eta uztailaren 3an erakusketa bat irekiko dute Bertizen.
Nafarroako Gobernuak uda garaian antolatzen duen Kultur programaren 28. edizioa aurkeztu du Iruñean. Egitasmoak kalitatezko eskaintza artistikoa Nafarroa osoan zehar sustatzea eta hedatzea ditu helburu. Honekin batera, tokiko erakundeei kultura hedatzen laguntzea, sektore artistikoa bultzatzea eta bertako ondare historiko, artistiko eta naturalaren balioa nabarmentzea nahi da.
Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaolak eman du ezagutzera programazioa, “Kultur Kulturaldia gure lurraldetik hurbilen dagoen programetako bat da; izan ere, Nafarroan zehar ibiltzean, arte eszeniko eta musikalen proposamen askotarikoa eginez, herritar guztiek kulturara hurbiltzearen eta bertara sartzearen aldeko apustua da, eta, aldi berean, gure ondare kulturala, naturala eta historikoa gehiago ezagutzeko aukera ematen digu”, adierazi du.
Kultur 2023 programa ekainaren 24an abiatuko da Uxuen, Tafalla Dantza Taldearen eta Rocamador Dantza Taldearen emanaldiekin eta Martzillan Run Free Tribute taldearen kontzertuarekin. Eta bi hilabete baino gehiagoko kontzertu eta ikuskizunen ondoren, irailaren 9an, larunbata, amaituko da Urroz-Villan, Soul Breaker Company eta In Tempore Abesbatzaren emanaldiarekin Orreagan.
Ikuskizunak Uxuen, Martzillan, Agoitzen, Olaztin, Otsagabian, Valtierran, Artaxoan, Donamarian, Ribaforadan, Faltzesen, Aragoiko Petillan, Zugarramurdin, Beran, Izaban, Tafallan, Lizarran, Lekunberrin, Erronkarin, Vianan, Azagran, Leozen (Olleta), Mendigorrian, Los Arcosen, Corellan, Zangozan, Lizaso-Orgin, Gesalatzen, Cabredon, Garesen, Fiteron, Lesakan, Leireko monasterioan, Orbaizetan, Elizondon (Baztan), Lodosan, Tuteran, Cabanillasen, Altsasun, Orreagan, Urroz-Villan izango dira.
Egitarau osoa ikusteko, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian