Nafarroako bertsolaritza ikertzeko deialdia jarri zuen Bertsozale Elkarteak martxan pasa den apirilean. Ikerketa proiektuak aurkezteko epea behin bukatuta, egitasmo batek lortu du saria. Miren Artetxek, Ekhiñe Zapiainek eta Sarai Roblesek taldean aurkeztutako proiektuak jasoko du 4.000 euroko laguntza, urtebetean ikerketa gauzatzeko.
Pasa den urtean abiatutako bidea jarraituz, aurten ere hitzarmena sinatu dute Bertsozale Elkarteak eta Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuak, lurraldeko bertsolaritza dokumentatu eta ikertzeko asmoz. Iaz egin zuten bezala, Nafarroan urtean zehar antolatzen diren bertso saioen lagin garrantzitsu bat dokumentatzea da hitzarmenaren xedeetako bat. Horretarako, emanaldi ezberdinen argazkiak, audio eta bideo grabazioak, afixak eta bestelakoak bildu eta katalogatuko dituzte. Aaurreratu dutenez, gainera, bertsolaritzaren mugimenduan erreferente diren pertsonen biografiak sortu edo berrituko dira, eta mugimendu horretan pisu nabarmena izan duten hiru pertsonei elkarrizketa sakonak ere egingo zaizkie, ondarea jasotzeko asmoz. Bertsoaldien transkripzioak ere egingo dira, bai eta transkribatzen trebatzeko ikastaroak ere.
Bestetik, Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa sustatzea du helburu hitzarmenak. Zentzu horretan, ikerketa deialdia jarri zen martxan pasa den apirilean. Behin hautagaitzak aurkezteko epea bukatuta, ikerketarako laguntza Miren Artetxek, Ekhiñe Zapiainek eta Sarai Roblesek aurkeztutako Hiztun berriak eta ez hain berriak Nafarroako bertso eskoletan proiektuari ematea erabaki du epaimahaiak. 4.000 euro jasoko dituzte, urtebeteko epean proiektua gauzatzeko.
Hain zuzen ere, Nafarroako haur, nerabe zein helduen bertso eskoletan aritzen diren hiztun berrien, alegia, euskara etxean jaso ez dutenen, proportzioa eta nolakotasuna aztertu nahi du ikerketa taldeak, bai eta presentzia horretan aldagai ezberdinek (adinak, generoak, eremu soziolinguistikoak) izan dezaketen eragina ere. Baina kopuruz harago, hiztun berri horien diskurtsoak eta esperientziak aztertu nahi dituzte, kide horien hiztun-legitimitatean eta bertsolari-legitimitatean arakatzeko: “Izan daiteke bertsolari legitimo eta hiztun berri? Zein heinetaraino? Nola baldintzatzen ditu gure hiztun-legitimitateari buruzko ideologiak bertsolari hiztun berriekiko pertzepzioak, igurikapenak, eta balorazioak?”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian