Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan dago erakusketa ikusgai. Bertan, 173 lan indibidualen bidez, Euskal Herrian, ilustrazioak mende honetan izan duen bilakaera, maila eta garrantzia erakusten dira.
Euskal Irudigileak 20 urte izeneko erakusketak elkarte horretako kide bakoitzaren lan bat jasotzen du, denetara 173 artelan. Bilboko Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan bisitatu daiteke, irailaren 28ra arte.
Erakusketa ibiltaria izango da, izan ere, Donostian, Guadalajaran (Mexiko), Gasteizen eta Iruñean ere izango da 2023 honetan eta 2024an. Antolatzaileen esanetan, “ilustratzaileen lana ezagutaraztea, artisten belaunaldi desberdinentzako topagune izatea, eta sektorearen indarra azpimarratzea, toki-, nazio- eta nazioarte-mailan dira erakusketaren helburuak”. Gainera, “sektorea osatzen duten ahotsen aniztasuna erakutsi nahi du erakusketak, protagonistak anonimotasunetik ateraz, eta euren sorkuntza-lanak egokitzen ari diren sormen-eremuak azalduz”. Horren bidez, elkarteak 20 urte hauetan izan dituen mugarriak eta sektoreak bizi izan dituen aldaketa nagusiak azaldu nahi ditu.
“Erakusketa aukera ona da Euskal Herrian dagoen talentua ezagutzeko”, diote antolatzaileek. Izan ere, “hainbat arrazoi direla medio, ikusleek ez dute talentu hori ikusteko aukerarik izan. Hala, argitaletxeen munduak interesa piztu eta egileengan arreta jartzen duen bitartean, badaude lan hori egiten duenaren lana kontsumitzailearen begietatik ezkutatua dagoen ilustrazioaren beste eremu batzuk. Erakusketa honekin hutsune hori bete eta sortzaileei izena jarri nahi zaie”. Horregatik, erakusketa hau osatzen duten elementuetako batzuk Euskal Irudigileak elkarteko kideen autoerretratuekin harilkatuta daude.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian