Juan Valter Tauliren ideietatik abiatuta, liburu honetan euskararen egungo egoera aztertzen da, baina ohikoa ez den ikuspegi batetik.
Mikel Mendizabalek (Donostia, 1963) ‘Euskara orain. Eraginkortasuna helburu’ saiakera kaleratu du Alberdania argitaletxearen eskutik. Juan Valter Tauliren ideietatik abiatuta, liburu honetan euskararen egungo egoera aztertzen da, baina ohikoa ez den ikuspegi batetik. Horretarako Xabier Amuriza, Iñigo Lamarca, Haitao Liu eta Jesus Rubio idazle eta hizkuntzalariak izan ditu alboan Mendizabalek.
Egilearen hitzetan, “euskalduntze prozesuan gauzak ez doaz ondo, hau errealitate bat da. Aztertu behar da ikuspegi desberdinetatik zertan huts egiten ari garen. Eskuarki soziolinguistikak esaten duena hartzen da kontuan baina nire ustez giza-zientzia honek esaten duena ez da nahikoa, bada beste arrazoirik”.
Mendizabalek Valter Taulik adierazitakoa ekarri du gogora, “Ez da aski azpimarratu hizkuntzen eraginkortasunaren garrantzia eta horren ordez, jarrera sasizientifiko bat gailendu da, sinestarazi nahi duena hizkuntza guztiek konpetentzia maximoa lortu dutela bere alderdi guztietan. Ikuspegi hori, ordea, ez da errealista, hizkuntzak ez baitira perfektuak, mugak dituzte, muga handiak gainera”.
Liburu honetan militantziaren gaia alde batera utzi du Mendizabalek, eta beste ikuspegi bat landu nahi izan du. “Hizkuntzak nola eboluzionatzen diren ulertzeko, zenbait hizkuntzalari oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, esaterako, Bernard Bichakjian, Valter Tauli , Haitao Liu edo Jesus Rubio bera. Zehatzak izateko, ez genuke hizkuntzei buruz hitz egin beharko, baizik eta hizkuntzen alderdi desberdinei buruz. Berdina al da SOV edo SVO sintaxia erabiltzea? Zeinekin aurreikusten da lehenago eta errazago esaldiaren esanahia? Berdina al da aditz sistema konplexu bat edo xinple bat erabiltzea? Garrantzitsua al da hitzen luzera? Fonema batzuk ahoskatzeko, ahalegin handiagoa egin behar al da? Zergatik ez da hizkuntzarekin autokritikarik onartzen?”
Autokritika sanoa eta beharrezkoa dela dio Mendizabalek, “derrigorrezkoa esango nuke”. Saiaketa honetan elkartu dituen idazle eta hizkuntzalari bakoitzak ikuspegi propioa du. Alabaina, badute zerbait komunean, euskara sinple eta eraginkor bat garatzeko beharra ikusten dutela. “Eguneroko elkarrizketetan jende frankok du antzeko iritzia, nahiz eta komunikabide ofizialetan ez den horrelakorik aipatzen”, bukatu du Mendizabalek.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian