Antolakuntzak bi film nabarmendu ditu aurtengo edizioan Habitar la Utopía eta Jainkoak ez dit barkatzen. Denetara zazpi film eskainiko dira irailaren 30era arte.
Hamabosgarren edizioa du aurten, ostialean, hilak 22, abiatuko den Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Horretarako, urtero bezala, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko dokumental eta pelikula zerrenda bat osatu dute. Izan ere, zinemaren bidez gogoeta kritikoa sustatzea da zinemaldiaren helburua. Antolakuntzaren esanetan, “lanak proiektatu eta hauek eztabaidan jarriz, pentsamenduak eragin eta arazoei modu kolektibo batean aurre egin nahi diegu”.
Horiek horrela, 2023ko edizioan ere proiekzioen gehiengoa gune autogestionatuetan eta kalean izango da, “hiri neoliberal honetan, herritarron harreman-espazioak aldarrikatzeko, zinema bitarteko bezala komunitateak josteko eta kultura eraldaketa sozialerako tresna bezala erabiltzeko”, azaldu dute.
Donostiako mugimendu sozialekin elkarlanean antolatutako proiekzioak izango direla nabarmendu nahi izan du antolakuntzak, “bateko eta besteko borrokari ekarpena egiteko asmoz”. Horren adibide dira, besteak beste, Marruma Kulturalak, Herri Kurduaren Aldeko Donostiako ekimena edota Añorga Kultur taldearekin elkarlanean antolatutako emanaldiak.
Aurtengo edizioan bi elkarlan nabarmendu nahi izan dituzte: Ehun mugimenduak etxebizitzaren auziak sortzen dituen arazoak salatzeko, irailaren 22tik 24ra Antiguako Sert plazan egingo duen kanpaldia antolatu du, eta Zinemaldi Alternatiboak bat egin nahi izan du Habitar la Utopía lana bertan eskainiz. Gogoratu dutenez, “administrazio publikoak plaza horretako alokairu sozialeko 522 etxebizitza Black Stone funts putreari saldu dizkio”.
Manteo eta Zemoria parkeko berdeguneen defentsan Uliako Auzo Elkarteak antolatu duen dinamikaren barnean, Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala proiektatuko dute hilaren 29an
Denetara zazpi film eskainiko ditu Zinemaldi Alternatiboak irailaren 30era arte.

You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian