Proiektuak abenduaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira euskara@deba.eus helbidera.
Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko asmoz, XVIII. Tene Mujika beka jarri dute martxan Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, horretarako parte hartu nahi duenak, “gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkeztu beharko ditu: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…”, azaldu du antolakuntzak. Lan guztiak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izan beharko dira, aurrez argitaratu nahiz saritu gabeak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi ezaugarri hartuko dira kontuan proiektuak aztertzerako orduan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. “Ez da fikziorik onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak ikerketak bezala egin daitezke, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak”.
Proiektuak 2023eko abenduaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira helbide honetara: euskara@deba.eus.
Idurre Eskisabelek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean bat izendatuko dute irabazle 2024ko urtarrilaren 12rako. Irabazleak bere aldetik, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua helarazteko.
Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian