Lau kanporaketa jokatuko dira urriaren 20tik aurrera, Izorian, Biasterin, Legution eta Araian. Denera hamahiru bertsolari sailkatuko dira urtarrilean hasiko den txapelketarako.
2024ko urtarrilean abiatuko den Arabako Bertsolari Txapelketan 18 bertsolarik parte hartuko dute, 29k izena eman dute jada eta urrian jokatuko diren lau kanporaketetan hamahiru bertsolari sailkatuko dira, 2022ko txapelketako finalistak zuzenean sailkatuta daude.
Iazko txapelketaren sailkapenaren arabera osatu dira kanporaketetako saioak eta bertan parte hartu ez zuten bertsolariak sailkapenaren bukaeran kokatu dira, hurrenkera alfabetikoan.
Kanporaketetan, saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da 2024ko txapelketarako eta gainerako bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Iazko txapelketako finalistek izena eman dute 2024ko txapelketan parte hartzeko, beraz, hamahiru bertsolari sailkatuko dira eta, orotara, hamazortzi bertsolariko taldea osatuko dute 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketan.
Lau kanporaketak Izoria, Biasteri, Legutio eta Araian jokatuko dira.
Hala, lehen kanporaketa urriaren 20an, ostirala, izango da 20:00etan. Bertan parte hartuko dute Unai Anda, Felipe Zelaieta, Unai Mendibil, Xabi Antia, Martin Abarrategi eta Ainara Balantzategi bertsolariek eta gai-jartzaile lanetan Irati Martinez ariko da.
Bigarren kanporaketa Biasterin izango da urriaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan. Maddi Agirre, Orlando Arreitunandia, Irati Anda, Aitor Ugarte, Sabin Abarrategi eta Marta De Pedis bertsolariek hartuko dute parte honetan eta Oier Azkarraga izango da gai-jartzailea.
Hirugarren kanporaketarako Legutio aukeratu dute urriaren 28an, 19:00etan. Rikardo Gonzalez de Durana, Ekaitz Samaniego, Danel Herrarte, Eukene De los Aires, Hegoi Hamabizka eta Izar Mendiguren izango dira parte hartuko duten bertsolariak eta Lierni Altuna izango da gai-jartzailea.
Azkenik, laugarren kanporaketa Araian jokatuko da urriaren 29an, arratsaldeko 17:30ean. Bertan, Asier Otamendi, Manu Bendala, Oier Arbina, Aitor Najera, Aroa Arrizubieta eta Eli Zaldua bertsolariak izango dira Oier Suarez gai-jartzailearekin.
Denera, hamar puntuagarri izango dituzte bertsolariek, ondorengoak: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda, bertso bina zortziko txikian; eta bakarka, gaia emanda, bertso bina neurri librean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian