Parte hartzeko beharrezkoa izango da www.best.eus webgunean izena ematea. Goizeko topaketa streaming bidez ere jarraitu ahal izango da webgunean.
Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa (BEST) Bilboko Euskalduna Jauregian izango da berriz ere urriaren 21ean. Antolatzaileen esanetan, “BEST ezinbesteko espazioa bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batzeko”.
Aurten, omenaldi berezia eskainiko zaio Eulalia Abaitua argazkilari bizkaitarrari, eta argazkigintzak leku berezia izango du. Hala, Abaitua eta bere lanak egunean zehar antolatuko diren askotariko jardueretan integratuko dira. Era berean, bigarren edizio honetako irudi berezia Arrate Etxebarria Hernandez diseinatzaile basauriarrak sortu du.
BEST II. edizioko programa
Askotariko jarduerak jasoko ditu aurtengo egitarauak. Goizean, esaterako, ‘hitza’ izango da hizpide. 10:00etan hasiko da BEST topaketa, eta June Fernandez kazetariak gidatutako mahai-inguruan parte hartuko dute Eire Larrea dantzariak, Kristina Mardaras bertsolari eta irakasleak, Eider Iturriaga argazkilariak eta Agurtzane Intxaurraga zine eta antzerki zuzendariak. Saio honetan, sortzaileen beharrei buruz eztabaidatuko dute.
12:15ean goizeko bigarren mahai-ingurua hasiko da, hau ere June Fernandezen gidaritzapean. Bertan Irantzu Varela kazetaria, Uka la Dotline tatuatzailea, Olatz Gorrotxategi antzerkigilea eta Izaro Ieregi artista plastikoa izango dira.
Goizeko bi saioen ondoren, dinamika parte-hartzaile bat antolatu da Artaziak Koop-ekin batera, ideiak partekatu eta sakontzeko. Gainera, mahai-inguruek aldi bereko interpretazio zerbitzua izango dute.
Arratsaldean, berriz, dantza, antzerki eta musika ikuskizunak egongo dira: 17:30ean Iholdik eta Ibabe Beristainek antzezlan bat eskainiko dute, 18:00etan Lorelei Greenek bere musika interpretatuko du, 18:30ean Adriana Bilbaok dantza ikuskizuna eskainiko du, eta 19:00etan Boga eta Txika de la Cervezako emakumeek egindako artisau garagardoa dastatzeko aukera egongo da. Ondoren, 19:30ean Ane Lindane, Raquel Torres, Maria Blanco, Mirari Matiarena, Oihana Bartra, Jone Larrinaga, Maite Sarasola eta Nerea Ibarzabalek Bertsopotorre izeneko jarduera egingo dute, eta bertsoak, bakarrizketak eta bat-batekotasuna uztartuko dituzte.
Gainera, egun osoan zehar Eider Iturriaga, Sil Skynet eta Mara McMillerren argazki erakusketa bisitatzeko aukera ere egongo da. Horretaz gain, adingabeak zaintzeko zerbitzua eskainiko da egun osoan zehar.
Berritasun gisa, edizio honetan BESTek Bizkaia Irratiarekin lan egingo du hilean behin podcast bat sortzeko, eta bertan askotariko arte diziplinetako emakume sortzaile bizkaitarren lana azpimarratuko da, eta merezi duten ikusgarritasuna emango zaie.
Antolakuntzak nabarmendu duenez, “Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa inspirazioz, sormenez eta hausnarketaz betetako eguna izango da, eta emakume artista eta sortzaileek beren esperientziak eta, bertan, kulturari egiten dizkieten ekarpenak partekatuko dituzte”.
Parte hartzeko beharrezkoa izango da www.best.eus webgunean izena ematea. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da topaketa webgunean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian