Lana Irati Goikoetxeak idatzi du eta Irrimarra ilustrazioez arduratu da.
Nerabeei begira idatzitako eleberri ilustratua da Nor (1545 argitaletxea), PiztuMeta2022 ekimenaren baitan eta Naizen elkartearekin elkarlanean sortutakoa. Lana Irati Goikoetxeak idatzi du eta Karmele Gorroño Irrimarra ilustrazioez arduratu da. Epilogoa Aingeru Mayor sexologoarena da eta Popatik eta Bizipoza taldeen bi abesti ere biltzen ditu egitasmoak.
Azaldu dutenez, “eleberriak 14 urteko bost gaztetxo ditu ardatz eta euskarri. Aurrez aurreko, zeharkako era begietara begirako begiradak korapilatuko dituzte, nahita eta nahi gabe. Begirada itsuak izango dira asko, mutuak beste asko, zalantzaz beteak gehienak. Erakutsi eta irakatsi ez dietena ispiluaren aurrean ezagutuko dute. Erantzunik gabeko galdera asko zamatuko ditu bakardadeak eta galderarik gabeko erantzun asko saretuko taldeak”.
Nor izan, ikusia, onartua. Lehia, beldurra, identitatea, iraina, mina, ezintasuna, adiskidetasuna… horiek dira, besteak beste, istorioari tira egiten dioten hariak. “Gainerakoek gugan duten eragina, guregatik garen edo besteengatik, gurekin garen edo besteekin. Nork trazatzen duen nor”.
Liburuaren azken zatian bizitzaren esentzia mamitzeko galdera sorta bat dago atalka sailkatua. “Hausnarketa filosofikoa ezinbestekoa baita zer, zein eta nor garen jakiteko”.
1545 argitaletxearen arabera, “egitasmo honek eragin egin nahi du, eraldatzailea izan nahi du; gogoeta bide berriak eskaini nahi dizkio irakurleari, leihoak zabaldu, airea garbitu. Antiojo berriak eskaini baino, begiradak jarri nahi ditugu zalantzan. Erantzunak eman baino, galderak piztu”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian