Azken zazpi urteotan Armentia ikastolako zuzendari izan da bergararra. Jose Luis Sukia ordezkatuko du taldean.
Agurne Barruso Lazkano izendatu dute Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berri. Urte hasierarekin batera hartu du kargua, eta Jose Luis Sukia ordezkatuko du eginkizun horietan. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak iragan irailean izendatu zuen Barruso zuzendari nagusi, baina beraren eta Sukiaren arteko trantsizioari tarte bat egin zaio udazken honetan.
1969an Bergaran jaioa, Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria izan da Barruso azkeneko zazpi urteotan. “Ilusioz” heldu dio Ikastolen Etxearen lemari Barrusok. Erantzukizun handia ere badela aitortu arren, erronkek motibatu egiten dutela esan du, are gehiago inguruan lan talde eta zuzendaritza nahiz artezkaritza talde sendoak edukita: “Uneotan mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea… Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara”.
Unea ere interesgarria dela aipatu du zuzendari nagusi berriak, batetik, pedagogia alorrean aurkeztu berri den Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berriaren hedapena egiten hasi direlako, eta, bestetik, maila instituzionalean Ikastolen VII. Batzarra egingo delako ikasturte honen amaieran. Aipatutako batzarra prestatzeko lantaldeko kidea ere bada Barruso eta bertan landuko eta bozkatuko diren dokumentuak lantzen aritu dira, oraintxe ari dira amaitzen: “Otsailaren amaieran hasiko dugu eztabaida prozesua ikastolekin, haiei aurkeztuko diegu egindako lana eta guztion ekarpen eta zuzenketekin landuko dugu VII. Batzarrera eramango dugun behin betiko proposamena. Batzarra izango da ikastolen ildo estrategikoak markatuko dituen abiapuntua. Azken batean, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dugu”.
Jose Luis Sukiak, berriz, ikasturte honetan hartuko du erretiroa. Denbora tarte horretan zuzendari nagusi berriaren eta zuzendaritza taldearen alboan arituko da lanean. 2016ko irailean hartu zuen zuzendari nagusi kargua Sukiak, Imanol Igeregiren ordez. Ordura arte Egonkortasun arduraduna izan zen 2010ean sortutako Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean. Sukiaren eta ikastolen mugimenduaren arteko lotura, baina, atzeragotik dator, izan ere, 1993tik ari da ikastolen mugimenduan buru belarri lanean.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian