Esnatze berri bat haragitzen duten zortzi kantu biltzen ditu bertan, argi-ilunez, giro landuez, eta doinu ederrez josiak.
Zalantza kantuarekin ireki du Libe musikari gasteiztarrak Azal ezten disko berria eta gainontzeko abestietan nahasian agertuko zaizkigun hainbat hitz eta kontzeptu agertuko zaizkigu pieza honetan. Musikari dagokionez ere pistak ematen ditu, kantu honetan entzun daitezkeen efektuzko ahotsak, sintetizadoreak eta teklatu erreberberatuak gainontzeko abestietan ere aurkituko baititugu, beste osagai askorekin batera.
Diskoa binilo eta cd formatuetan argitaratu du Alde ilunA zigilu gasteiztar jaioberriarekin, eta dagoeneko eskura daiteke Liberen Bandcamp gunean.
Diskoetxearen arabera, “Libek asko landu du ekoizpena eta soinuen bilaketa oraingoan. Atmosfera iluneko rock sendoagora ere jotzen du. Otzan izeneko bigarren singlea da horren adibide, Zorabio edo Gau eta egunaren guda abestiekin batera. Baina “diskoaren bihotza giroetan eta geruzetan” dagoela dio diskoetxeak, “soinuetan eta doinuetan, ezerezetik leun baina trinko eraikiak ematen duten kantuetan: Elairen taupadan, Kemen haitz-en amets-giroan eta Denbora kantuaren bukaera apoteosikoan”.
Kantuak sortzerako orduan, kolaboratzaile gisa alboan izan dituenak igoko dira agertokira berarekin batera kontzertuetan: Dani Arrizabalaga (bateria), Aitor Garcia de Vicuña (gitarra), Jon Basaguren (baxua) eta Ander Sevilla alde teknikoan. Guztiak Liberen teklatu eta ahotsen oinarri.
Disko berriko kantu guztiak entzun ahal izango dira emanaldietan, bere aurreko Ihesaldi handia eta Ilargia erori da diskoetatik aukeratutako abesti batzuekin.
Libek bihar eskainiko du diskoaren aurkezpen kontzertua Lemoako Gaztetxean. Otsailaren 2an, berriz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, martxoaren 7an Bilboko Kafe Antzokian, 21ean Arrasateko gaztetxean eta apirilaren 5ean Villabonan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian