Formatu txikiko musika eta arte eszenikoen programan musikako 121 proiektu eta arte eszenikoetako 28 proiektu aurkeztu dira.
Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak jakitera eman ditu aukeratutako hamar taldeen izenak, baita Katapulta Tour Gipuzkoa programaren bederatzigarren edizioko nobedadeak ere. Ekimenaren asmoak dira Gipuzkoako talentuak musikaren eta arte eszenikoen esparruan balioan jartzea eta sustatzea, eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea, klubak eta antolatzaileak babestuz. Gainera, aurtengoan, programak aukera ematen du zuzeneko lau emanaldi eta prestakuntza-programa bat egiteko eta hautatutako proposamenetarako entsegu-espazioak izateko, sustapen-bideo bat egitea. Hala, musikako eta arte eszenikoetako proiektuei profesionalizaziorako bidean laguntzea da helburua.
Aurtengo edizioan hamar izango dira parte hartuko duten artistak, zortzi musika arloan, Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax eta The Donkey Riders, eta, bi arte eszenikoetan, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up.
Hautatutako artistei Gipuzkoako emanaldi bakoitzeko 400 euroko diru-laguntza emango zaie, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, “lan handia egingo da haien lanak zabaltzeko”.
Edizio honetako berritasun gisa, deialdian inskribatutako proiektu guztiei aukera emango zaie komunikazio eta sustapeneko, eszenografiako, produkzioko, ekonomiako eta fiskalitateko prestakuntza-programan doan parte hartzeko. Gainera, Kutxa Fundazioaren Kluba aretoa bigarren urtez jarraian espazio eszeniko gisa gehitu da.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “deialdi honetan hiriburutik kanpoko proiektu ugari aurkeztu da, bereziki, Andoain, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Zumaia eta Zumarraga udalerrietatik (82 proiektu)”. Euskarazko proiektu asko aurkeztu direla ere nabarmendu dute: 83 guztira.
Estiloei dagokienez, musika-proposamenak Rock (Pop-Rock, Rock & roll, Hard Rock, Stoner, Hardcore, Metal), Pop, Blues, Soul, Jazz, Folk, Hip Hop eta Flamenkoa dira nagusi. Arte eszenikoen proposamenetan umorezko bakarrizketak, antzerki-piezak, txotxongilo-piezak, magia-ikuskizunak edota performanceak daude.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian