Donostian sortutako Many of Them argitalpen-proiektu berritzailea eta Londresen bizi den Hilary Lloyd artista elkarlanean aritu dira artearen eta aldizkariaren arteko muga konbentzionalei aurre egiten dien erakusketa sortzeko.
You want it to be art and I want it to be magazine. Hilary Lloyden eta Many of Them-en arteko elkarrizketa izeneko erakusketarekin abiatuko da 2024ko programazioa Donostiako Tabakalera zentroan. Proposamen berria sorkuntza bultzatzeko eta euskal komisario eta sortzaileei plataforma bat eskaintzeko helburuarekin, zentroak iaz abiatu zuen lan-ildoaren barruan dago. Oraingo honetan, Donostian sortutako Many of Them argitalpen-proiektu berritzailea eta Londresen bizi den Hilary Lloyd artista elkarlanean aritu dira artearen eta aldizkariaren arteko muga konbentzionalei desafio egiten dien erakusketa bat sortzeko. Hala, erakusketak muga tradizionalak zalantzan jartzera eta bi ikuspegi ezberdinen baina, aldi berean, osagarriren sinergian murgiltzera gonbidatzen ditu ikusleak.
2022ko irailean sortu zen Hilary Lloyden eta Antonio Macarro eta Pedro Canicoba Many of Them proiektuaren sortzaileen arteko elkarlana, aldizkariaren hamargarren argitalpena aitzakia hartuta. Erakusketa euren arteko etengabeko elkarrizketaren emaitza da. Mostrak arteari eta aldizkari-ikuspegiaren inguruko ideien arteko elkarrizketa gisa sortu da eta aldizkari bat ikuskatzeko esperientziaren eta erakusketa-gune batean murgiltzearen artean dagoen tartea bete nahi du.
Erakusketan Many of Them aldizkariaren historiako une ezberdinetan parte hartu duten artistei buruzko hamabi erreferentzia edo aipamen nabarmentzen dira. Material-bilduma zabala egongo da ikusgai, besteak beste, jantziak, eskulturak, marrazkiak, argazkiak eta objektuak, aldizkariko orrialdeetan dauden artistei eta etxeei erreferentzia egiten dietenak: Bleiss, Takashi Homma, Loewe, Soil Thorton eta Bernhard Willhelm, besteak beste.
Erakusketarekin batera, Tabakalerak bi bisita-solasaldi antolatu ditu (otsailaren 8an eta martxoaren 14an), eta Many of Them aldizkariaren hamargarren zenbakiaren aurkezpena ere egingo da datorren martxoaren 15ean bigarren erakusketa-aretoan bertan.
Erakusketa apirilaren 7ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako 2. erakusketa aretoan.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian