Gasteiztarra Manex Agirrerekin aritu zen buruz burukoan. Xabi Ricok jantzi zion txapela irabazleari, 700 lagunen aurrean.
Larunbat arratsaldean, Gasteizko Printzipal antzokian jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako finala 700 lagunen aurrean. Bertan, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz), Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio), Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio), Paula Amilburu Izargarai (Aramaio), Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko) eta Asier Otamendi Alkorta (Urretxu/Gasteiz) bertsolariak ikusi genituen lehian.
Aurkezle eta gai jartzaile lanetan, berriz, Nieves Del Alamo Oier Suarez izan zuren hurrenez hurren. Finalistek ariketa puntuagarriak egin zituzten aurrena eta, azkenik, Aroa Arrizubieta eta Manex Agirre pasatu ziren buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Arrizubieta nagusitu zen eta, beraz, 2024ko Arabako txapelduna da. Gasteiztarra Arabako Bertsolari Txapelketa irabazi duen bertsolaririk gazteena da.
Bost epailek osatu zuten epaimahaia: Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru eta Patzi Aizpurua. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu zen. Horrela puntuatu zituzten sei bertsolariak: Aroa Arrizubieta (614,5 puntu), Manex Agirre (613,5 puntu), Paula Amilburu (415 puntu), Peru Abarrategi (412,5 puntu), Asier Otamendi (410,5 puntu) eta Iñaki Viñaspre (381,5 puntu).
Xabi Rico Iturriotzek jantzi zion txapela txapeldunari. 1982an, beste batzuekin batera Gasteizko Bertso Eskola sortu zuen. Bertso eskolako irakasle, bertsolari, eta beste hainbat lanetan ere aritu izan da. Arabako Bertsozale Elkarteak orain 40 urte txapelketako plazari hasiera eman zion eta orain aitortza egin eta eskerrak eman nahi izan dizkio egindako ibilbide eta lanagatik.
Txapeldunaren bukaerako agurra:
Promesa haundiz ahoak betez
ari dira bonbak lehertzen
eskubideak murrizten eta
jendea etxegabetzen
nola nahi dute honen aurrean
geldi geratu gaitezen
nahiz ta betatzen ari zaizkigun
berdin Bilbon zein Gasteizen
sinisten dugun honetan irmo
dihardugu GKSn
politiko ta enpresen
aurrean altxatuz ezen
egungo gazte belaunaldien
zeregina ez ote zen
borrokatzea bihar gaur baino
hobeto bizi gaitezen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian