Bi urtetik behin Elkar Fundazioak ematen duen sormenerako Joseba Jaka beka Josu Goikoetxeak (Gernika, 1974) jasoko du aurten, eta urte beteko epea izango du bere sormen lana egiteko: ipuin liburu bat
Irati Majuelo Itoitzek, Itziar Ugarte Irizarrek eta Iban Zaldua Gonzalezek osatutako epaimahaiak aukeratu du Josu Goikoetxearen Hiltzailea eta beste ipuin batzuk proiektua, aurkeztu diren 15 lanen artean. Goikoetxeak 10.000 euroko beka jasoko du urtebetean lana egin dezan, epaimahaiaren eta editoreen laguntzarekin.
Epaimahaikideek ipuin soltez osaturiko bilduma bat definitzen erraza ez izan arren, laginean aurkezturiko ipuinen kalitatea azpimarratu dute: “originaltasuna, indarra, iradokitzeko ahalmena eta gehiago irakurtzeko gogoa”.
Goikoetxea Bilbon bizi den gernikarra da, eta ezaguna da euskal kultur munduan. Lubaki bandako partaidea izan zen, eta batez ere ezaguna da bertso munduari lotuta, gai-jartzaile izateaz gain, Hitzetik Hortzera telebista saioko zuzendaria eta aurkezlea izan zelako hainbat urtez. Poesia liburu bat du argitaratuta: Zer luzea negu hau (2018) eta haurrentzako album bat: Mia, Marteko robota. Horrez gain, Walt Whitmanen antologia bat itzuli du Munduko Poesia Kaieretarako.
Irabazleak eskerrak eman dizkio Elkar Fundazioari eta epaimahaiari, bere lana aukeratzeagatik.
Maiatzaren 23an ospatuko da Adunan bertan, 2024ko Elkar Sariak emateko ekitaldia, eta bertan jasoko du beka Goikoetxeak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian