Lanak euskal kulturaren irudi bat eraikitzeko, baita atzerrikoen euskaldunekiko begirada ezartzeko ere, euskal arteak izan duen eragina aztertzen du.
Euskal artearen inguruko Basque. Artea liburuxka argitaratu du Etxepare Euskal Institutuak. Euskara eta euskal kulturari eskainitako hamabi liburuetako bat da honakoa, Basque. bildumaren baitan argitaratua. Ane Lekuona eta Ismael Manterola doktore, arte kritikari eta komisarioek idatzi dute lana.
Egileen esanetan, “liburuak Euskal Herriaren historiaz asko esaten du, garai bakoitzean artistek nola irudikatu duten euskal kultura deskubritu dezake irakurleak eta euskal kultura eta gizartea gehiago ezagutzeko aukera izango du argitalpen honekin”.
Izan ere, arte plastikoa ez da soilik euskal kulturaren parte izan, “euskal kultura irudira eramateko ezinbesteko bitartekaria ere izan da”. Liburu honek euskal kulturaren irudi bat eraikitzeko, baita atzerrikoen euskaldunekiko begirada ezartzeko ere, euskal arteak izan duen eragina aztertzen du. “Atzera begiratu eta Euskal Herriko artearen historian errepikatzen diren ezaugarri batzuk aurkitu beharko bagenitu, horietako bat euskal komunitatea edo kultura irudira eramateko nahia izan dela esan genezake”, adierazi dute.
Hala, liburuak euskal artearen historiaren errepasoa egiten du, 1900. urtetik gaur egunera arteko egindako lan esanguratsuetako batzuk mahai-gaineratuz. Dario Regoyosen lanetatik, Esther Ferrerren lanetaraino, hainbat artisten lanak aztertuz. Margolaritza, eskultura, kartelgintza, bideo-artea edota instalazioen bitartez, euskal artistek euskal identitatearen iruditegia sortzeko egindako garai ezberdinetako lanetan oinarritzen da liburua.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian