Poemak musikatuz, Ondarroako idazleak ordubeteko emanaldi bat antolatu du, Nerea Zuloaga abeslarirekin, Irina Alvarez biolin jotzailearekin eta Jon Gardoki akordeoi jotzailearekin. Ikuskizunak “musika, kantua, errezitala…” osagaiak izango ditu.
“Hiztegirik eta gramatikarik gabe idatziko ditut poemak, atea erdi zabalik utziko dut sartu edo irten lasai egin dezazun eta geratzea erabakitzen baduzu kontatuko dizut zer ekarri zuen mareagorak eta gure zein zati eraman zuen marea beheak”, horrelaxe ematen dio hasiera Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) gaur Donostian aurkeztu duen Manttalingo alaba (Pamiela) poema liburuari. Idazleak Saturrarango kartzelan giltzapean izan ziren emakumeak oroitu eta aldarrikatu nahi izan ditu olerki bilduma berri honekin.
Egileak azaldu duenez, “Badakigu Saturrarango kartzelan lau milatik gora emakume izan zituztela gatibu 1938. urtetik 1944ra, eta Manttalingo alaba liburu honetan dauden poemek ekarri nahi digute garai hartako memoria eta kartzelan gatibu izan zituzten emakume horiekiko aitortza eta maitasuna”.
Etxaburuk kontatu duenez, poema txikiekin osatu du liburua, “poematxoak dira, olatutxoen moduan, joan-etorrian dabiltzanak, eta honekin, era batera edo bestera, irudikatu nahi izan dut bertan bizitakoa eta bertan sentitutakoa”.
Poema musikatuak
Poematxo hauek “poema politikoak” dira idazlearen ustez, “beste diziplina batzuekin nahasten denean, beste dimentsio batzuetara jauzi egiten du poemak. Beraz, musikarekin, ahotsarekin edo beste erritmo mota batzuekin nahasten duzunean, berezkoa daukan erritmotik haratago beste muga batzuk zeharkatzen ditu”. Hori kontutan izanda, Etxaburuk ordubeteko emanaldi bat antolatu du Nerea Zuloaga abeslarirekin, Irina Alvarez biolin jotzailearekin eta Jon Gardoki akordeoi jotzailearekin. Ikuskizunak “musika, kantua, errezitala…” osagaiak izango ditu. Lantaldeak prest du emanaldia jada eta publikoaren aurrean aurkezteko unea heldu zaio.
Lan honekin irabazi zuen Etxaburuk Arabako Aldundiak antolatzen duen Ernestina de Champourcin Poesia Saria.
Etxaburu Euskal Filologian Doktorea da eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakasle lanetan dabil. Manttalingo alaba bere bosgarren poema liburua da. Aurretik, Zu zara orain txoria (Elkar, 2011), Hodeiak zapatetan (Susa, 2014), Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016), zeinarekin Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia saria irabazi zuen, eta Ahaztu baino lehen, ama (Pamiela, 2021) liburuak kaleratu ditu.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian