Donostiako Miramar Jauregian izango da ikastaroa, uztailaren 4an eta 5ean. Matrikula egiteko epea zabalik dago jada, eta maiatzaren 31ra bitartean merkeagoa izango da.
Bertsozale Elkarteak bertsolaritzari loturiko ikastaroa eskainiko du aurten ere EHUko Uda Ikastaroetan Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? izenburupean. Ikastaroa uztailaren 4an eta 5ean eskainiko da Donostiako Miramar Jauregian.
Elkarteak azaldu duenez, “bat-bateko bertsogintza garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gune izango da. Halaber, botere harremanak bertsolaritzan eta gai libreko bertsogintzaren gakoak azalduko dira. Eta azkenik, edukizko lanketari buruzko hainbat argibide plazaratuko dira bertan”.
Hitzaldiak eta mahai-ingurua
Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko dira bi egunetan. Saioa Alkaiza izango da lehenengo eguneko aurreneko hizlaria, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? hitzaldiarekin. Segidan, bertsolariek gaiak kantatzerakoan duten zilegitasunari buruz ariko da Maider Arregi, eta botere harremanei buruz jarraituko du Onintza Enbeitak. Oihana Arana izango da eguneko azken hizlaria, eta bertsolaritza ideologikoki lerraturik ote dagoen hausnarketa mahai gaineratuko du. Eguna biribiltzeko, lau hizlariek mahai-ingurua osatuko dute, egungo bertsogintzako diskurtso, zilegitasun eta itzalei buruz hitz egiteko.
Bigarren egunean beste hainbeste hizlari izango dira. Jexux Mari Irazu izango da lehenengoa eta libreko bertsogintzari buruz ariko da. Alaia Martin eta Imanol Artola izango dira hurrengoak, eta gai-jartzaile autoreari buruzko iritzia plazaratuko dute. Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek hitzaldi bana eskainiko dute egoera sozio-ekonomikoari kantatzen ote zaion hausnartuz. Azkenik, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa hitzaldiak onduko dituzte, bakoitzak bere talaiatik.
“Askotariko hitzaldiak eta hizlariak, edozein bertsozale, bertsolari, aritu zein adituentzako erakargarriak direnak dudarik gabe. Areago, bertsolaritzatik haragoko beste kultur esparruetako eragile zein sortzaileentzat ere zalantza, bidegurutze zein kezkez aritzeko aukerako plaza izango da ikastaroa”, nabarmendu dute Bertsozaleko kideek.
Matrikulazio epea, zabalik
Gaur zabaldu da ikastaroan matrikulatzeko epea, eta www.uik.eus atariaren bidez egin daiteke. Hurrengoak dira prezioak: orokorra, 84 euro; erretretadunak, langabeak, ikertzaileak… 71 euro; 25 urte arteko gazteak, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro (bestela, 59 euro). Prezioei buruzko informazio osoa, hemen.
Egitarau osoa, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian