Jose Pablo Arriaga eskultorearen instalazio artistiko bat da erakusketa.
Muskizko El Pobal burdinolak erakusketa berezi bat irekiko du larunbatean Haizearen seinale, denboraren seinale: Haize-orratzak Bizkaian izenpean.
Jose Pablo Arriaga eskultore markinarrak burdinolarako berariaz sortutako instalazio artistikoa da erakusketa, eta Bilboko Euskal Museoak utzitako XVIII. eta XIX. mendeko haize-orratzen bilduma bat jasotzen du. Erakusketa horren osagarri, katalogo bat argitaratu da, Jesus Muñizen testuekin eta Santi Yanizen argazkiekin. “Katalogo horren bidez, lehen hurbilketa historikoa egin nahi da Bizkaiko haize-orratzak ezagutzeko eta gaur egun gure inguruan gordetzen ditugun ale eder eta berezienetako batzuk erakutsi nahi zaizkigu”.
Instalazio artistikoa
Jose Pablo objektu enblematiko horien esentzia harrapatzen duen instalazio artistiko bat sortu du: zur kurbatuzko pieza inguratzaile batzuk dira haren obraren bereizgarriak; ezarritako formei aurre egiten diete eta barruan hartzen dituzte burdinazko haize-orratzak, zeinek harmonia sotila eratzen baitute orain integratuta dauden ola-espazioarekin.
Berez etereoak diren haize-orratzek bat egiten dute kono alderantzikatuen forma hartuta inguratzen dituzten euskarrietako kalabo-zur errearekin. Emaitza haizearen seinale horiek babestu eta edertzen dituen gorputz sendo bat da, zeinak argi eta itzalen joko iradokitzaile baten bidez sartzen baitu mugimendua.
Erakusketari loturiko jarduerak
Erakusketa hori oinarri hartuta, burdinolak hainbat jarduera programatu ditu datozen hilabeteetarako. Hitzaldiak, ibilbideak eta erakustaldi bereziak gehituko zaizkio museoaren ohiko eskaintzari, haize-orratzak ezagutzera emateko zereginari ikuspegi askotatik ekiteko. Haize-orratzak aitzakia izango dira artearen historia eta bost kontinenteetako monumentu berezienetako batzuk ezagutzeko, Bizkaikoetatik hasita. “Hitzordu bat izango dugu errementariaren lanbidea ezagutzeko, baita tresna horiek dituzten zatiak, egiteko prozesua eta duten ikonografia anitza ezagutzeko ere. Museoko sutegian zuzeneko erakustaldiak egingo dira”. Lehenengoa ekainean izango da.
Irailean, berriz, Enkarterrin zehar egingo den ibilbide gidatuari esker, inguru horretako haize-orratz onenetako batzuk ikusteko aukera egongo da, eta, aldi berean, berriro bisitatu ahal izango da eskualde horretako ondare arkitektoniko aberatsa.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian