Museoak Carliscaturas izeneko erakusketa berria zabalduko du asteazkenean Lizarrako Karlismoaren museoarekin elkarlanean.
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak, Lizarrako Karlismoaren museoarekin elkarlanean, Carliscaturas aldi baterako erakusketa zabalduko du asteazkenean. Erakusketaren oinarria Cesar Oroz ilustratzaileak Karlismoaren Museorako prestatutako XIX. mendeko mugimendu honi egindako begirada satirikoa da. Karlistaldiak eta umorea lotzen dituen erakusketa hau egungo ikuspegi satirikotik egindako karikatura batzuen bidez hurbiltzen da garai horretako historiara.
Egileak Zumalakarregi museoarentzat bereziki egokitutako karikatura batzuk sortu ditu eta museoak bere bildumako XIX. mendeko aldizkari satirikoak erakutsiko ditu. Hala XIX. mendeko satira XXI. mendekoarekin elkarrizketan jarriko da.
Orozen hitzetan, “XIX. mendeko karikatura eta umorista grafiko horiek ezagutzeko, erakusketak mugimendu horren topiko, errealitate, goiburu eta zirkunstantzietan murgildu nahi gaitu. Garaiko gerra baten erdian, zoritxarrez gaurkoak gogorarazten dizkiguna, porrota baten umore beltzean murgiltzen gara, gerra zibil absurdo baten umore absurdoan, gertaera haiek urrun egoteak ahalbidetzen duen umore ironikoan”.
Museo gipuzkoarraren bildumako aldizkari satirikoek, berriz, epe bateko gertaerak, ohiturak eta pertsonaiak ezagutzeko beste modu bat eskaintzen dute. “Umorearen bitartez askotan beste erara nekez esan daitezkeen gauzak esateko aukera profitatu baitzuten karikatura hauen egileek”.
Carliscaturas erakusketaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte datorren hilabeteetarako, Zumalakarregi museoak: ekainaren 20an Cesar Oroz marrazkigilearen solasaldia; irailaren 11n Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko artxibo arduradunaren hitzaldia XIX. mendeko aldizkariei buruz; eta Pernan Goñi ilustratzaileak karikaturei buruzko helduentzako tailer berezi bat gidatuko du urrian.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian