Webgune berriak euskarazko pertsona-izenen autoritate arautuak eta bateratuak ikusgai jarriko ditu, liburutegiek, komunikabideek eta toki-entitaeek eskura izan ditzaten.
Euskal Autoritateen Lantaldeak eta Eusko Ikaskuntzak sinatutako lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute Donostian. Proiektu honen xedea euskaratik euskal bibliografian dauden autoritateen zerrenda bateratu bat sortzea da, erabilera komunerako. Kontzeptu horren baitan jasotzen dira Euskal Herrian edozein hizkuntza, gai edo formatutan editatutako edo ekoiztutako lanak, zein Euskal Herritik kanpoko baina euskal hizkuntza edo kulturarekin zerikusia duten horiek ere.
Aurkezpenean, autoritateak.eus ataria ezagutzera eman dute. Bertan, autoritateen izenak biltzen dituzten fitxak jasoko dira, aldaerak, onartutako edo onartu gabeko moduak barne, eta kontsulta irekian eskuragarri egongo da. Sinatutako hitzarmenean zehazten denez, Eusko Ikaskuntzak bere gain hartuko du proiektua garatzeko beharrezkoa den azpiegitura teknologikoa jartzea.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren iritziz, “herri-ikuspegia bultzatzen duen eta interes orokorrekoa den ekimena da, euskal ekoizpenaren hedapena eta sarbidea erraztuko dituena, baita euskararen sustapena ere, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako kultura- eta akademia-erakundeen arteko lankidetza bultzatuko duena”.
Bestalde, Idoia Sobrino Euskal Autoritateen Lantaldeko kideak nabarmendu duenez, “euskaratik lan hau modu orokor eta bateratu batean egin gabe zegoen oraindik eta gaurtik aitzin iturri komun bat izango dugu, autoritateen zerrenda oso bat, edozein erakundek bere autoritate katalogoa osatzeko erabili ahal izango duena”. Tresna bera hurrengo urtetan handitzen eta gorpuzten laguntzen duten profesionalak eta erakundeak aipatu ditu ere: BILKETA Sarea (IKAS Pedagogia Zentroa, Euskal Museoa, Baionako Liburutegia eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegia), ASNABI (Nafarroako Liburuzainen Elkartea), Eusko Jaurlaritza (Liburutegi Zerbitzua, Euskariana, HABE eta EIMA Katalogoa), Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegia eta Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Liburutegia.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian