(argazkia: Zinegoak)

‘Queertopiak’ erdigunean Bilboko Zinegoak jaialdian

Sail ofizialeko kategorietan (FIK, DOK, KRAK) 15 film luzek parte hartuko dute eta Begiradak film laburren sailean bi ziklo berri egongo dira: Queertopiak eta Sexilioak.

Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak aurtengo edizioaren programazio ofiziala aurkeztu du. Zinegoak ekainaren 24tik uztailaren 1era egingo da Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga Antzokia edota Guggenheim Museoan eta aurtengoan ere zinemaren eta kulturaren bidez sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatuko du.

Jaialdiko zuzendari Alaitz Arenzanak 21. edizioko ildo nagusiak azaldu ditu: “Aurten beren-beregi indarra egin nahi dugu gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran, maila kolektiboan ere, ez bakarrik indibidualki. Horiek dira zabaldu, eraiki eta bizi nahi ditugun espazioak, eta horiei guztiei Queertopiak deitzea erabaki dugu”. Aurtengo kartela, Dom Campistron artista aldudetarrak egin duena, horren isla da.

Film luzeen sail ofizialean 15 pelikula izango dira lehian, ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). Film hauek nazioarteko hainbat herrialdetik jaso dira, besteak beste, Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia edota Alemania. Arenzanak pelikula hauetako batzuk nabarmendu ditu: “Brasilgo eremu zapalduenetako bateko saskibaloi-talde queer baten bizipenak (Levante); Lesbos uhartean 1980ko hamarkadan sorturiko lesbiana-komunitatearen historia (Lesvia); Suitzan asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diren galdeketak (The Hearing); sexu-grinaren areagotzea eta polimaitasuna (Vera y el placer de los otros); edo LGTBfobiaren salaketa eta haren aurka borrokatzeko ahalduntzea (Mavi Kimlik), horra 2024ko Zinegoaken proposamenetako batzuk”.

Bestalde, zinegile eta protagonistetako batzuk izango dira jaialdian, proiekzioaren ostean solasaldietan parte hartzeko. Besteak beste, Vuslat Karan, Mavi Kimlik pelikulako zuzendarietako bat; edota Adrian Silvestre, Hágase tu voluntad dokumentalaren zuzendaria zinemagileak izango dira Bilbon.

30  film labur izango dira lehian sail ofizialean

Orotara bost ziklo izango dira: ohikoak diren “Haurtzaroa eta Nerabezaroa” eta “Emakume Zuzendariak”; iazko “TBIQ+” zikloa, eta ziklo berri bi lehen aldiz. Alde batetik, “Queertopiak”, eta bertan topatuko ditugu zisheteronormatibitatetik, patriarkatutik, kolonialismotik, kapazitismotik eta planetaren luze-zabalean hedatzen diren zapalkuntza-sistema guztietatik ihes egiteko borrokan ari direnen istorioak. Bestetik, “Sexilioak”, euren jaioterria, familia edo ingurua uztera behartuta egon diren pertsonen bizipenak, bazterketa eta indarkeria pairatu dutelako euren orientazio, genero edo sexu aniztasunagatik. Horrez gain, sail ofizialetik kanpo, klasikoa bihurtu den “Erroak” saila izango da, Euskal Herrian sortu diren hainbat lanekin. Film laburren kasuan ere, asko dira jaialdian egongo diren zinemagileak solasaldiak gidatzeko.

Zinegiak modu ofizialean ekainaren 24an hasiko da, Arriaga Antzokian ospatuko den inaugurazio ekitaldiarekin (sarrerak antzokiaren webgunean eskura daitezke). Gala Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute, eta bertan parte hartuko dute Eddi Circa kantautoreak eta Clarisa Navas zuzendari argentinarrak, Ohorezko Saria jasotzeko, DAMAren babesletzarekin.

Aldez aurretik, ekainaren 21etik 23rako asteburuan, “3, 2, 1… Zinegoak!” aurre-jaialdia izango da. Ostiralean Guggenheim Museoan Laura Poitrasen All the Beauty and the Bloodshed dokumentala proiektatuko da, Nan Goldin artista eta aktibistaren ingurukoa. Hurrengo egunean, ekainak 22, Zinegoakek egun osoko egitaraua antolatuko du: goizean Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Popperra, Afterra, Utopia ikuskizun musikatua, Sarean kulturgunean. Arratsaldean, berriz, saio bikoitza izango da: Bilborocken Dantzertiren azken lan eszenikoaz gozatzeko aukera egongo da: Lopek zioenez, Sin mí, sin vos y sin Dios, Matxalen de Pedroren zuzendaritzapean. Amaitzeko, Bira Kulturgunean, Bizi. Bisexualitatea eta euskal komunitatea proiektuaren aurkezpena izango da. Bertso-saio bat, Albina Stardusten showa eta DJ Eromenaren emanaldia egongo dira. Azkenik, igandean Zinegoakek solasaldia antolatuko du Irantzu Varela eta aurtengo ohorezko saridun Clarisa Navasen artean, eta argentinarraren hiru lan proiektatuko dira.

Proiekzioez gain, Zinegoaken baitan arte eszenikoak ere antolatuko dira, urtero bezala. Getxo Kulturak antolatuta, ekainaren 27an Muxikebarrin Erreka Mari antzezlana izango da. Javier Lararen zuzendaritzapean eta Egoitz Sanchez protagonista duela Hans Christian Andersenen La Sirenita lanaren berriskupen librea da.

Bere aldetik, jaialdiko azken larunbatean, Biran Plazeratu.klub kolektiboaren aurkezpena eta jaia izango da. Talde honek jaia espazio kritiko moduan aztertzen du, LGTBIQ+ kolektiboaren plazera aldarrikatzeko eta ikusgarritasuna emateko moduan. Plazeratuk aldarrikatzen du jaia gozatzeko beste praktika batzuk, borroka kolektiboak loratu eta ospatzeko espazio seguruago moduan.

“Queer jaia espazio politiko moduan eta bere islada irudietan” izango da, hain justu, ZG PRO jardunaldi profesionaletan landuko den gaietariko bat. Beste urte batez zinearen industria eta sexu-aniztasuna landuko dira jardunaldi hauetan. Ekainaren 27an eta 28an izango dira, eta hainbat masterclass, garapen prozesuan dauden lanak… aurkeztuko dira. Ekainaren 28an, arratsaldean, Zinegoakek ez du antolatuko inolako jarduerarik, Ekainaren 28ko koordinadorak antolatu dituen ekintzetan parte hartzeko.

Jaialdiaren itxiera ekitaldia uztailaren 1ean izango da Bilborocken, eta bertan jakinaraziko da 21. edizioko irabazleak nortzuk diren. Behin jaialdia amaituta, Zinegoakek bere leiho digitala irekiko du Filmin plataforman, eta bertan sail ofizialeko hainbat lanez gozatzeko aukera egongo da. Lehenengo aldiz, Zinegoakek eta EITBko Primeran plataformak lankidetza izango dute, kanal bat sortzeko jaialdian parte hartu duten hainbat pelikularekin, sexu-aniztasuna lantzen duten bestelako ikus-entzunezkoekin batera.

Bilbon egiteaz gain, beste urte batez jaialdiak Hego Euskal Herriko hamaika udalerritan ere antolatuko da. Zehazki, 54 herrik parte hartuko dute ZG Hedapena programan. Iaz parte hartu ez zuten udalerri berriak izango dira Zinegoaken parte hartzen: Plentzia, Bermeo, Markina-Xemein, Zalla, Usurbil, Urretxu, Aramaio, Berantevilla, Zigoitia, Oltza Zendea edota Bidaurreta.

Egitarau osoa, hemen.