Urriaren 6an egingo da Azpeitin Gipuzkoako ikastolen aldeko jai handia, urte osoko egitarauari amaiera emanez.
Izpiz izpi dugu aurtengo Gipuzkoak Ikastolen aldeko leloa eta baita Skapaie Elektrotxarangak konposatu duen abestiaren izena ere, ska erritmo alai eta dantzagarrian. Musika konposatzeaz gain, taldekideek kantaren hitzak ere idatzi dituzte.
Kanta berriarekin eta bideokliparen irudiekin euskara, aniztasuna eta herrigintza ardatzak bildu nahi izan dituzte.
Skapaieko kideen hitzetan, “erronka polita izan da guretzat kantu hau egitea, izan ere, kide garen beste talde batzuetan kantuak egiten ditugun arren, Izpiz izpi da Skapaiek talde bezala sortu dugun lehena”.
Herrigintza izanik aurtengo Kilometroetako ardatzetako bat, antolatzaileek hasieratik lehenetsi zuten bideokliparen grabaketa ere bertan egitea. Hala, Kulturaz Kooperatibako kideei proposamena egin eta martxan jarri zen lantaldea.
Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez, azken txanpara begira jarria dago jada Ikastolen Elkartea.
Perez de Arenazak Azpeitiko Ikastolak lekukoa jaso zuenetik orain arte egindako bidea txalotu du, “aukeratutako mugarriek bete-betean asmatu dute Kilometroaken eta ikastolen jomugekin, euskaraz, herritik eta herrira auzolanean egindako jarduna zalantzarik gabe”.
Horren haritik, ziur agertu da: “Aurkeztutako kanta eta bideoklipa bidelagun paregabeak izango dira gelditzen den azken txanpa honetan indarrak emateko, eta urriaren 6an doinu alai eta dantzagarriekin ikastola eta herria izpiz-izpi argituko dira!”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian