EHUko Alba Lozano, Jorge Moreno Quintana eta Joana Moyarenak EHUko gradudunen hiru lan ere jasotzen ditu aurtengo katalogoak.
Eusko Jaurlaritzak zazpi film laburren katalogo bat argitaratzen du urtero. Uneko euskal filmografiako lanik nabarmenenak izaten dira. Aurten, aukeratutako zazpietatik bostek zuzeneko harremana dute unibertsitatearekin. Izan ere, bi irakasleak dira, eta beste hiru EHUko geletatik igaro diren gradudunak.
Arte Ederren Fakultateko Izibene Oñederra irakaslearen eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Iratxe Fresneda irakaslearen film laburrak, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Errotatiba izenekoak, izango dira aurtengo katalogorako aukeratutako obretako bi. Alba Lozano, Jorge Moreno Quintana eta Joana Moyarenak EHUko gradudunen hiru lan ere jaso ditu katalogoak.
Euskal Herriko film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea da Kimuak programaren helburua. Hala, mundu osoko zinema jaialdirik eta ikus-entzunezko egitasmorik garrantzitsuenetara bidaliko dute hautaketa hau. Azken hamarkadan, hiru lan “film laburrik onenen” artean izendatu dituzte Oscar Sarietan.
Oñederraren Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) animazio film bat da, bi dimentsiotako marrazketa teknikaren bidez egina. “Ingurumen krisiaren gaineko fikziozko istorio iluna da, eta gainbeheran dagoen komunitate txiki bateko biztanleria erakusten du; bizitzea tokatu zaionaren aurrean, bakoitzak ahal duena egiten duela ikusten da. Pribilegiodunak, carpe diem pentsamenduari lotuta; beste batzuk, bizirauten saiatzen. Zer etorriko da? Besterik ezean, salbatuko al gaitu zerbaitek?”, azaldu du Oñederrak.
Bestetik, Fresnedak Errotatiba filma egiteko espazioen, soinuen, lanbideen eta artxibo zinematografikoaren gaineko ikus-entzunezko ikerketa egin du. Kasu honetan, prentsa idatziari, egunkariari, lotuta. “2019an hasi nintzen ikus-entzunezko piezan erakusten diren espazioen zirriborro grafikoak eta bisualak egiten. Alde batera utzitako lekuak, Euskal Herriaren orain gutxiko memoriarekin lotuak. Filmak hausnarketa eragin nahi du lanbide jakin batzuen eta gertakari historikoen desagerpenaren eta ahanzturaren gainean eta, aldi berean, munduan egoteko modu baten galera erregistratu nahi du”, azaldu du zinemagile bizkaitarrak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian