Abuztuaren 31ra arte zabalik egongo dira hiru guneak. Natur Txokoan eta Liburutegian, gainera, haurrentzako programazio berezia eskainiko dute, doan. Besteak beste, magia, jolasak, ipuin kontaketak eta irakurzaletasuna bultzatzeko ekintzak izango dira, baita ingurugiroarekin loturiko tailerrak ere.
Udan ohikoa denez, Urgull aisialdi eta kultura eskaintzan hiriko protagonistetako bat bihurtzen da bertako guneetan proposatutako jarduerekin eta erakusketarekin.
Eskaintza honek aisialdia, natura eta kultura uztartzea du helburu eta bereziki haurrei zuzendua dago. Guneak zabalik egoteaz gain, astelehen, astearte eta asteazkenetan haurrei zuzendutako jarduera bereziak egingo dira: astelehenetan, Liburutegian, 18:00etan; eta astearte eta asteazkenetan, Natur Txokoan, 17:00etan. Denak izango dira euskaraz eta doakoak, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte, uztailaren 1ean liburutegian Kidam Magoak egingo duen ikuskizunerako izan ezik, azken honetarako gonbidapena beharko da.
Besteak beste, magia, jolasak, ipuin kontaketak eta irakurzaletasuna bultzatzeko ekintzak egongo dira, baita ingurugiroarekin loturiko tailerrak ere.
Historiaren Etxea
Mota Gazteluan, Donostiari begira erakusketan, 800 urte luzeetan hiriak bizi izan dituen gertaerak eta mugarriak kontatzen dira, horiek eman baitiote egun duen itxura eta nortasuna. Bisitaren segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko, terrazara igotzeko txandak egongo dira, ordu erdiro, edukiera errespetatuz.
Irailean eta urrian erakusketa zabalik egongo da larunbat eta igandeetan (estropada egunetan izan ezik).
Natur Txokoa
Aurten ere Gobernadorearen bateria ondoko plazatxoan hainbat txoko sortu dituzte Urgull mendiaz modu desberdinetara gozatu ahal izateko: hamaka batean etzanda irakurtzen, berrerabilitako materiala erabiliz eskulturak sortuz edo elementu naturalekin jolasean. Astearte eta asteazkenetan arratsaldeko 17:00etan jarduera bereziak izango dira Donostiako mendia hobeto ezagutu eta naturaz gozatzeko. Jarduera guztiak doakoak izango dira.
Liburutegia
Haurrentzako liburuak, helduentzako azken eleberriak, egunkariak, aldizkariak eta internet bidez nabigatzeko txokoa izango dute haurrek gune honetan. Donostia Kulturako liburutegien bazkideek eta, oro har, Irakurketa publikoko sareko bazkideek Urgulleko liburutegian dauden liburuak maileguan hartu ahal izango dituzte eta etxera eraman irakurtzeko.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian