Artista gipuzkoarraren lanek artea eta filosofia uztartzen dituzte, artea baita adimenaren eta arimaren bitartekotza egiten duena; filosofia, berriz, azaltzen duena. Erakusketa irailaren 4ra arte bisitatu ahal izango da.
Xabier Obeso artistaren (Errenteria 1952) Arrazoiaren eta emozioaren artean erakusketan filosofia, arrazoimena eta artea eta hark dakarren sinbolismoa uztartzen dira. Donostia Kulturaren esanetan, “izatez, artea baita adimena eta arimaren arteko tartekaria, eta filosofia, berriz, hori guztia esplikatzen duena”. Artistak materia eraldatzen du, eta materiak, era berean, artista eraldatzen du. Dialektika horren barruan, ezkutukoa agerian geratzen da.
Sinbologiak berebiziko presentzia du erakusketa honetan, eta orokorrean, Xabier Obesoren obran. Artistaren arabera, “sinbologiaren bitartez izpirituaren dimentsio eta leku ezkutuetara irits naiteke, nireak izanik, oraindik ezagutzen ez ditudanak”.
Margolariak ibilbide luzea du egina erakusketei dagokionez, bai nazio mailan, baita nazioartekoan ere. Bere lana filosofikoa, transzendentala eta sinbolikoa dela esan izan da. Filosofikoa, gizakiaren hazkunde-beharrarekin zerikusia duten gai sakonei buruzko gogoetak egiten dituelako. Transzendentala, ezagutzen denaren mugak gainditzen dituelako, inkontzientean sakonduz. Sinbolikoa, sinboloen hizkuntzaren bidez adierazten delako.
Erakusketa irailaren 4ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era eta larunbatetan eta zubietan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian