Oihana Lujanbiok 3.000 euroko diru-laguntza jasoko du bere proiektua lantzeko, eta ikerlana 2025eko otsailaren 28a baino lehen aurkeztu beharko du.
Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektuak jaso du ikerketa-lan monografikoen saria. Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa-lan monografikoak sustatzeko helburua du deialdiak, eta Oihana Lujanbio Begiristainek (Goizueta,1982) eskuratu du 3.000 euroko saria. Ikerlariak 2025ko otsailaren 28ra bitarteko epea izango du proiektua ondu eta aurkezteko.
Hala, Lujanbiok ikergai izango ditu Goizuetako noka formak zabaltzeko bideak datozen hilabeteetan; praktikak sustatuko ditu, eta aztertuko du horiek eraginik duten erabileran; helburu izango ditu nokaren galeraren arrazoiak ezagutzea eta herritarren hausnarketa eragitea; azkenik, Goizuetan noka mantendu duten hiztun-taldeen praktika onak ere bilduko ditu.
Ez da lehenengo aldia ikerlari nafarrak Goizuetako euskarari buruzko lan bat egiten duela. Besteak beste, honako lanak burutu ditu Lujanbiok azken urteotan, bakarka edo lankidetzan: Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran: emaitza gehiago. Euskal hizkuntzalaritzaren egungo zenbait ikerlerro. (Udako Euskal Unibertsitatea, 2014); Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran. (Uztaro / Udako Euskal Unibertsitatea, 2012); Goizuetako azentuaz zerbait gehiago: oharmena. (ASJU / EHU, 2009); Goizuetako azentuera. Gramatika jaietan (EHU, 2008). Azken biak Jose Ignacio Hualderekin batera egin zituen.
Mintzola ikerketa-saria
Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bi ikerketa-lan monografiko saritzeko deialdia abiatu zuen martxoan. “Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hain zuzen bide horretan laguntzea, eta ondorengo zazpi eremuak oinarrian direla, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua”, azaldu du Euskararen Akademiak.
Ikergaiei dagokienez, honakoa dira: Eguneroko hizkera informalaren ezaugarriak eta beronen egoera euskal komunitatean. Oinarriak, corpusa eta diagnostikoa; euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan: praktiken azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak; eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak hezkuntza arautuan lantzeko bideak eta formulak; aisialdi antolatuan eta hezkuntza ez-arautuan adierazkortasun baliabideak lantzeko bideak eta formulak; eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak hedabideetatik eta ingurune digitaletik sustatzeko bideak eta formulak; eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak lantzeko bestelako bideak; eta hitanoa lantzeko eta hedatzeko bideak eta formulak.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian