Diplomaren helburua da Euskaltzaindiaren egitasmoetan parte har dezaketen pertsonak prestatzea.
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Euskaltzaindiak Euskararen normalizazioa eta normatibizazioa XXI. mendean espezializazio diploma jarri dute abian, UZEI eta VICOMTECH erakundeen kolaborazioarekin. Honela, “euskararen normalizazioak eta normatibizazioak XXI. mendean izan ditzaketen nondik norako garrantzitsuenei buruzko prestakuntza sendoa eman nahi du diploma berriak, etorkizuneko profesionalak sortzeko asmoz”, azaldu dute antolatzaileek.
Teoriko-praktikoa izango da espezializazio diploma hau eta irakasleak Euskaltzaindiaren eguneroko egitasmoetan ari diren euskaltzainak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak izango dira.
Euskararen Akademiak haren eginkizuna, egitasmoak eta horien gizarteratze lana egokitu eta pertsona berriak erakarri eta prestatu nahi ditu Euskaltzaindiak sorreratik dituen bi sailetan jarduteko, hain zuzen, IKER sailean (euskararen estandarizazioa XXI. mendean) eta JAGON sailean (euskararen erabilera soziala sustatzea du helburu, horretan diharduten gainerako eragileekin batera).
Behin diploma lortuta profesionalak gai izango dira arlo horietan orain arte egin den ibilbidea azaltzeko bere testuinguru sozialean eta historikoan egoki kokatuta, baita arlo horietako etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko eta horiei erantzuteko ere. Besteak beste, hauek izan daitezke espezializazio diploma egiten duten pertsonen lanbideak: Euskaltzaindiaren egitasmoetako teknikaria: corpusgintza, lexikografia, dialektologia, onomastika, morfosintaxia, hizkuntza zuzenbidea, euskararen erabilera soziala…; espezializazio diploman lantzen diren gaien arloko teknikaria erakunde publiko, pribatu eta elkarteetan; espezializazio diploman lantzen diren gaien arloko ikertzailea; eta euskara teknikaria erakunde publiko, pribatu eta elkarteetan.
Antolaketa
Graduondokoa modalitate erdi-presentzialean egingo da. Ikastaroa 2024ko urriaren 1ean hasi eta 2025eko maiatzaren 23an bukatuko da; saio presentzialak astearte eta ostegun goizetan izango dira (10:00etatik 13:00etara), gehienak Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan (Luis Villasante Ikergunea – Tolare baserria / Almortza bidea, 6, Donostia).
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian