Besteak beste, ikastaroak, dantzaldiak, kontzertuak eta solasaldiak izango dira igandera bitartean.
Uztailaren 18tik 21era bitartean egingo da Errobi Festibalaren 28. edizioa Itsasun, aurtengoan metamorfosia ardatz hartuta. Julen Achiary Ezkandrai elkartearen ordezkari eta zuzendari artistikoak azaldu duenez, “bestelakatzeak” ditugu aurtengo gai nagusi. Kontzertu eta ikusgarri xoragarrien bidez, dantzaldi eta solasaldien bidez, bihotzak eta gorputzak zabalik, hiru ardatz zizelkatuko ditugu: iniziazioa, sendatzea eta mutazioa”.
Mizel Hiribarren Itsasuko auzapezak, bere aldetik, “plazak, pilota plazak eta herriko plazak dira gure herrietan bizi sozialaren ardatz eta gailur. Nahi ditugu luzaroan kantuaren, dantzaren eta musikaren baratze, sekulakotz artisten ikuspegi zirikatzailearen eta adierazpen librearen zelai, nahi ditugu euskararen garapenaren harrobi”, adierazi du.
Hiribarrenen esanetan, “harria landuko du zizelkariak Errobiko Festibalean Euskal Herriko eta munduko herrialdeen musika eta kanta oihartzunek arnasturik. Zutituko dugu herritarrek udazkenean artistak festibalaren labean bestelakatu duen harria. Harri hau geldituko da gure askatasun minaren zutarri, geldituko da gure elkartasun gosearen deikari, geldituko da gure zuzentasun egarriaren beilari”.
Egitaraua
Jaialdiak iraungo duen lau egunetan zehar, metamorfosia hizpide izango dituzten solasaldiak izango dira. Zuzenekoei dagokienez, Hunophones, Lagon Noir eta Ventu Omirumba igoko dira oholtzara ostegunean, Parveen & Ilyas Khan eta Yeni Gaydaren kontzertuak izango dira ostiralean, eta Aya Metwalli & Yohan Dumas, Sourdurent, Paloma Pradal, Votia eta Ngasa Ngasa larunbatean. Yarin Andres Marinen eta Jon Mayaren dantza ikuskizuna, Naïssam Jalalen Healing Rituals emanaldiak, edota Olariaren forro dantzaldiak ere izango dira. Larunbatean Aya Metwalli & Yohan Dumas, Sourdurent, Paloma Pradal eta Ngasa Ngasaren txanda izango da.
Horretaz gain, txalaparta, Georgiako kantua edota dantza afro-kubatarrari buruzko tailerrak antolatu dituzte.
Egitaraua, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian