Nerabe intersexual bat da trilogia honetako protagonista, hala, egileak ezberdintasunean dagoen aberastasuna ekarri nahi izan du erdigunera.
Amancay Gaztañaga aktore, musikari eta idazleak abentura eta fantasia uztartzen dituen trilogia baten lehen eleberria aurkeztu du, Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa (Elkar) izenburupean. Lehenengo istorio honetan, Martin Martinaren unibertsoa eraikitzen du egileak, eta, aldi berean, trilogiaren parte izango diren pertsonaia nagusien berri ematen du. Besteak beste, landa eremu eta herri txikien garrantzia du hizpide istorioak.
Nerabe intersexuala da trilogia honetako protagonista, hala, Gaztañagak ezberdintasunean dagoen aberastasuna ekarri nahi izan du erdigunera, baita ingurumenaren eta globalizazioaren inguruko hausnarketa ere. “Mitologia edo erlijioek leku berezia dute proiektu honetan. Izan ere, kristautasunari edo onarpen ofiziala duten sistemei bakarrik aitortzen zaie erlijio maila, eta ‘mitologia’ deitzen zaio baztertua den bertako sistemari”, azaldu du.
Eleberria nerabeei zuzenduta badago ere, “jakin abentura eta mitologia gustuko duten helduek ere bertako abentura guztiekin gozatu ahal izango dutela”, nabarmendu du egileak.
Abenduan, Durangoko Azokan, ikusiko du argia trilogia honen bigarren liburuak Martin Martina sorginen batzarra izenburupean. Bildumarekin amaitzeko, Martin Martina gauekoak izango da hirugarrena eta datorren urteko udaberrian kaleratzea espero du idazle zestoarrak.
Gaztañaga antzerkian eta zineman ezagutu dugu batez ere. Komediantetzat du bere burua; herriz herri istorioak kontatuz eta kantatuz bizi da. Eskolan hasi zen fikzioa idazten, andereño batek fantasia gehiegi zuela esan zion arte. Hamar urtez antzerkia idazten ibili da. 2017. urtean ernaldu zen Martin Martinaren istorioa eta txikitako andereño aspergarriari kasurik egin gabe, bere baitako mundu haiek guztiak paperean jartzeari ekin zion.
LUMAFest! jaialdia
Amancayk LUMAFest! jaialdiaren hirugarren edizioan parte hartuko du ostegun honetan, 19:15ean, Donostiako Santa Teresa Komentuan, Koldo Mitxelena Kulturunearen eskutik.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian