Epaimahaiaren arabera, narrazioak lehen esalditik harrapatzen du irakurlea. Egoerak gain eginda dagoen pertsonaia baten ezinegona agertzen du, dramatismo orotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe.
Alaine Agirrek irabazi du Lizardi Sariaren 43. edizioa Euri eta ateri izeneko lanarekin. Bigarren aldia da idazle bermeotarrak literatura sari honetan gailentzea lortzen duela, izan ere, 2015ean Hau ez da zoo bat lanarekin eraman zuen saria.
Yolanda Arrieta eta Nerea Loiola idazleek eta Amaia Serrano EHUko irakasleak osatu dute epaimahaia eta azaldu dutenez: “Euri eta ateri narrazioak lehen esalditik harrapatzen du irakurlea. Egoerak gain eginda dagoen pertsonaia baten ezinegona agertzen du, dramatismo orotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe.
Epaimahaiaren arabera, gainera, “hizkuntza maila paregabea erakusten du testuak, literatura darie bertako onomatopeia, hitz joko zein egoera surrealistei. Erritmo bizia du kontakizunak, eta narratzaileak aise darama irakurlea bizipen batetik bestera, saltoka eta itzulipurdika, etenik gabeko jolasean. Idazleak darabilen estiloak arindu egiten du pertsonaiak bizi duen zama, eta arnasa horrek testua hasieratik amaieraraino irribarrez irakurtzera bultzatzen du”.
Haurrentzako kontakizuna izanagatik, hainbat geruza erakusten dituela diote epaimahaikideek, eta “horregatik esan dezakegu Euri eta ateri lanak agerian jartzen dituela Haur Literaturari dagozkion duintasuna eta maila gorena”.
Irabazleak 5.500 euro jasoko ditu eta Agirrek berak liburua ilustratzeko aukeratutako ilustratzailearen lana 1.000 eurorekin lagunduko du Zarauzko Udalak. Irabazlearen lana 2025eko apirilaren 2an aurkeztuko da Zarautzen, sari emate ekitaldian.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian