Azaroaren 7tik 17ra izango da Hariak zinemaldia. Euskal Herria, Palestina, Sri Lanka, India, Txile, Senegal, Espainia, Nigeria, Brasil… hango eta hemengo errealitateak ezagutzeko aukera emango du aurtengo edizioak.
Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldia, azaroaren 7tik 17ra izango du hirugarren edizioa Hernanin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Kulturarteko Plaza Feminista zinema bihurtuko da bi astez, berriz ere. Dokumentalak, solasaldiak, musika eta aurten, afro-dantza saio bat ere izango dira. Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak sustatzen du zinemaldi hau, giza eskubideen urraketak eta horien aurrean antolatzen, aurre egiten eta erresistitzen duten Euskal Herriko zein munduan barreneko protagonistei ahotsa emateko.
Edizio honetarako, memoria hartu da gai gisa. Horri lotura, ertz askotako eta eremu geografiko ugaritako istorioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Dokumentalak eta punta-puntako solasaldiak
Euskal Herria, Palestina, Sri Lanka, India, Txile, Senegal, Espainia, Nigeria, Brasil… Esan bezala, hango eta hemengo errealitateak ezagutzeko aukera izango da aurtengo zinema jaialdian.
Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak zehaztu duenez, aurten ere dokumental emanaldiak solasaldiekin osatuko dira, “erresistentziak hobeto ezagutzeko eta kokatzeko”. Hizlarien artean, Bertha Gaztelumendi, Olga Rodriguez, Ebabba Hameida, Gontzal Martinez de la Hidalga, Teresa Toda, Quinddy Akeju eta Mahmoud Traore izango dira, besteak beste.
Jatorrizko bertsioan izango dira dokumentalen emanaldiak, euskaraz edo gaztelaniaz azpititulaturik. Saio guztiak dohainik izango dira.
Webgune berria
Zinemaldia jarraitzea errazagoa izateko asmoz, zinemaldiak webgunea estreinatuko du aurten: www.hariak.hernani.eus. Bertan, aurtengo edizioari buruzko informazio guztia aurkituko dute interesatuek, baita aurreko edizioen berri ere. Su Hernandez, zinemaldiko koordinatzaileak azaldu duenez, “webgunea erabilerraza, erakargarria eta praktikoa” izateko intentzioarekin landu da. “Webgune propioa izateak Hariak egonkortu egingo du, beste zinemaldi batzuen mailara heltzeko”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian