Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiaren Huntaz edo hartaz emanaldirako sarrerak eta larunbateko bazkarirako txartelak Basaizea.com webgunean daude eskuragarri jada.
Muga gainetik topaketa antolatu dute Baigorrin azaroaren 1ean eta 2an, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko eta inposatutako mugen gainetik elkartzeko espazioak sortzeko asmoz.
Kultur topaketa hauen bidez, Tafalla eta Baigorri herrien arteko senidetzea ospatzen dute jai giroan, eta hainbat kultur jarduera antolatzen dituzte. Aurtengo edizioan, esaterako, Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro filma ikusteko aukera egongo da ostiralean, arratsaldeko 18:00etan, Urdozeko kaperan. Bizkarsoro existitzen ez den herria da, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak izan zitezkeen Bizkarsorotarrak. Zinemagilearen lehen fikziozko lan hau 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorioz osatuta dago.
Gaueko 20:30ean, berriz, Ruper Ordorika musikaria eta Joseba Sarrionandia idazlea igoko dira Urdozeko oholtzara. Elkarrekin izandako bizipenetan oinarrituta, hainbat gairen inguruan solasean arituko dira idazlea eta musikaria Huntaz eta hartaz emanaldian. Etxeko egongelan egongo balira bezala, bi artistek ordu eta erdi inguruko saio intimoa eskainiko dute. Kontzertu eta solasaldi arteko formatu bat izango da.
Bigarren egunean, larunbata, bazkaria antolatu dute eta gauean Baigorriko Xutik eta Tafallako Odolkiak ordainetan musika taldeak izango dira taula gainean.
Emanaldi hauetaz gain, txaranga, merkatua edota aperitifa animatua izango dira larunbatean.
Sarrerak salgai
Ordorika eta Sarrionandiaren Huntaz edo hartaz emanaldirako sarrerak eta larunbateko bazkarirako txartelak Basaizea.com webgunean daude eskuragarri jada.

You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian