Diptikoak giza harremanen erabateko porrotetik sortzen diren gerrak ditu hizpide, ikuspuntu eta molde desberdinekin. Azaroaren 16an eta 19an izango dira emanaldiak.
Piszifaktoria Ideien Laborategiaren bi lan ikusteko aukera egongo da datozen egunetan, Donostian. Bi ikuskizunak gerrari buruzkoak izango dira. Hala, larunbatean, hilak 16, Hau gerra bat da pieza ikusi ahal izango da Tabakaleran, 20:00etan, Labo XL6 jaialdiaren barruan. Hiru egun geroago, hilaren 19an, asteartea, Hau ez da gerra bat lanaren txanda izango da, Victoria Eugenia Klubean, 19:00etatik aurrera, Literaktum jaialdiaren baitan. Antolatzaileen esanetan, “horrela, antzerki-esperientzia berezi bat bizitzeko aukera sortuko da”.
Piszifaktoria Laborategiko kideek azaldu dutenez, “diptikoak giza harremanen erabateko porrotetik sortzen diren gerrak ditu hizpide, ikuspuntu eta molde desberdinekin”. Bi lanek, halaber, “komunean dute euskal antzerkiarentzako kontatzeko modu eta lengoaia berriak bilatzeko nahi bat eta artista eta publikoaren arteko harremanak birpentsatzeko ahalegin bat”.
Hau ez da gerra bat Gasteizko Printzipal Antzokian estreinatu zen 2023ko maiatzean eta orain irakurketa dramatizatuaren formatuan ikusi ahal izango da Donostian. Obraren jatorrizko hiru aktoreek, Aiora Sedanok, Gabriel Ocinak eta Irati Agirreazkuenagak, antzezlanerako musikaren egilea, Igor Arzuaga, izango dute lagun taula gainean, pianoarekin. “Irakurketa dramatizatuarena Euskal Herrian oso gutxitan ikusten den formatua bada ere, esperientzia oso berezia eskaintzen du, literatura errezitaldiaren eta antzezlanaren arteko bidegurutzean”.
Hau gerra bat da ikuskizunari dagokionez, hilabete batzuk geroago ikusi zuen argia, 2023an ere bai, Bilboko Euskararen Etxean. Iholdi Beristain, Irati Agirreazkuenaga, Igor Arzuaga eta Mikel Ayllon aritzen dira zuzenean lan honetan, publikoarekin harreman berezia ezarrita.
Bi lanok, gainera, Hau ez da gerra bat izenburu duen liburuan argitaratuta daude, Bunker izeneko hirugarren pieza batekin batera, Susa argitaletxeak EHAZErekin batera argitaratzen duen Ganbila bilduman.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian