Iruñeko Sarasate pasealekuan Beste mundu batzuk argazki-erakusketa paratu dute urtarrilaren 9ra arte. Argazkiak Michael Benson egile estatubatuarrak NASAk eta ESAk zunda bidez bidalitako irudietan oinarrituta sortutako artelanak dira.
Artea kalean programa egitasmoaren barruan datorren Beste mundu batzuk erakusketak eguzki-sisteman barrena bidaia bat egitera gonbidatzen du ikuslea, Michael Benson sortzailearen eskutik. La Caixa Fundazioak Iruñeko Udalaren laguntzarekin antolatutako erakusketa honek NASAren eta ESAren zunden bidez hainbat planeta-misiotan hartutako eta ondoren prozesatutako planeten 40 irudi biltzen ditu.
Nork bere kabuz bisitatzeko, 24 orduz zabalik egongo da erakusketa eta taldeentzako eta partikularrentzako bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da, euskaraz eta gaztelaniaz.
Erakusketak kultura, zientzia eta jakintza gizartera hurbiltzea du helburu, kasu honetan nazioartean ospe handia duen artista baten eskutik. Hiria aire zabaleko museo bihurtzea ere da asmoa.
Mostrak Lur planetatik eguzki-sistemaren mugetaraino doan ibilbidea proposatzen du zunden bidez jaso eta ondoren Michael Benson zinemagile, artista eta idazle estatubatuarrak prozesatutako formatu handiko irudien bidez. Egileak koloretako mosaiko ikusgarriak sortzen ditu jatorriz zuri-beltzekoak diren irudietatik abiatuta. Irudi horiek azken sei hamarkadetan espazioaren esplorazio robotizatuaren bidez jasotakoak dira. Egileak iragazkiak eta ehundik gora irudiren konbinazioak erabiltzen ditu pieza bakoitzean, panoramika liluragarrien hausturarik gabeko mosaikoak osatzeko.
Michael Bensonek (1962) planetetako paisaien argazkigintzari buruzko nazioarteko hainbat erakusketatan lan egin du azken hamarkadan. Sateliteen edo teleskopio espazialen bidez lortutako jatorrizko irudi tratatu gabeak hartzen ditu argazki zientifikoen artxiboetatik, NASAren artxibotik esaterako, eta editatu eta prozesatu egiten ditu, formatu handiko paisaia iradokitzaileak lortu arte.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian