Bere jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, artista bermeotarraren sorkuntza eta ekarpena aitortu nahi izan ditu Gerediaga Elkarteak.
Gerediaga elkarteak 59. Nestor Basterretxeari esker ona agertzeko ekitaldia egin du Durangoko Azokaren barruan. Bertan izan dira artistaren familiako kideak ere, eta oroigarria jaso dute Nerea Mujika Gerediagako presidentearen eskutik. Gainera, erakundeetako hainbat ordezkari ere etorri dira. Ekitaldi honekin, artista bermeotarraren sorkuntza eta ekarpena aitortu nahi izan dituzte, bere jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez.
Mujikak azaldu duenez, “Nestor Basterretxea artista handia eskertzeko batu gara, eta bere etxekoak ere eskertu behar ditut. Izan ere, aitaren sormen lanak eskura utzi dizkigute”. Hain zuzen, Bermeoko sortzaileak diseinu eta ilustrazio arloan eginiko obraren lagin bat Durangoko Museoan dago ikusgai, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak prestatu duen erakusketan. Lanetako asko inoiz ikusi gabeak dira.
Basterretxea XX. mendeko euskal kulturaren erreferente nagusietako bat izan zen, eta Durangoko Azokarekin harremana izan zuen. 2012an, esaterako, berak sortu zuen 47. ediziorako irudia. Gerediagak orduko hartan eskaria egin zionean, ikuspuntu sortzaile eta kritiko batetik diseinatu zuen afixa, eta prozesu hori azaltzeko Basterretxearen beraren bideo bat proiektatu dute ekitaldian.
Gainera, artista bizkaitarrak Durangaldearekin izan zuen lotura ere gogoratu nahi izan du elkarteak. Besteak beste, Otxandioko bonbardaketaren biktimen omenezko Heriotza zerutik etorri jakun eskultura eta Durangoko Tabira auzoan dagoen Hirugarren hilarria artelana aipatu dituzte. Lotura horren inguruko informazio sakonagoarekin, erreportaje zabala eskaini diote aurtengo Astola urtekarian.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian