Urtarrilaren 24ra arte egongo da izena emateko epea zabalik. Martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean egingo da Laburbiraren 2025ko edizioa.
Laburbira zirkuitura film laburrak aurkezteko epea zabaldu du Euskaltzaleen Topaguneak. Hala, urtarrilaren 24ra arte edozein zuzendarik bere lana aurkezteko aukera izango du webgunearen bitartez, hasi berria, nahiz amateurra izan.
Egitasmoan aurkeztu ahal izateko pelikulak euskaraz sortu beharko dira, eta antolatzaileek azaldu dutenez, “aurten ekoiztutako pelikulak, fikziozkoak eta 25 minututik beherakoak” izan beharko dira.
Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan: publiko guztientzako lanak izan daitezela; sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka mantentzea; sortzaileen lurraldetasuna eta genero aniztasuna; genero ikuspegia; eta filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak…
Antolakuntzak film laburren aukeraketa bat egingo du. Lan horiek izango dira XXII. edizioko Laburbira zikloa osatuko dituzten lanak eta herriz herri bidaiatuko dutenak, martxoaren7tik apirilaren 11ra bitartean. Zenbait kasutan gainera, zuzendariek beraien lanak aurkezteko aukera izango dute publikoaren aurrean.
Laburbira zikloak euskal zinemagintza hauspotzea zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea ditu helburu. Antolatzaileen esanetan, “22 urteotan bide arrakastatsua egin du Laburbirak eta euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da. Izan ere, zinema ekoiztea izatez da jarduera zail eta garestia. Ondorioz, film-laburren sorkuntza da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukaten modu bakarra”. Zentzu honetan, Laburbirak “berebiziko garrantzia du autoreei eta beraien lanei ikusgarritasuna ematerako orduan, eta zirkuitu egonkor eta zabala eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian