Muturreko zenbait gertakari meteorologikok han eta hemen eragin dituzten arazo larrien harira, protagonismo nabarmena izan du aurten termino horrek.
Euskaltzaindiaren arabera, klima-aldaketa ez da aurten sortutako kontzeptua: urteak dira askoren ahotan dabilela. Halere, azkenaldian, gero eta maiztasun handiagoz erabili da komunikabideetan, jendaurreko solasaldietan eta sare sozialetan”. Hiztegian adibide gisa lehenagotik jasota egon arren, klima-aldaketa esamoldea 2022ko urtarrilaz geroztik dago azpisarrera gisa Euskaltzaindiaren Hiztegian. ‘Lurreko klimaren ezaugarrien aldaketa, bereziki giza jarduerak eraginikoa’ adierarekin eta meteorologiaren arloko terminoa dela adierazten duen markarekin jaso du euskararen akademiak.
Aurten, gero eta ohikoagoak diren muturreko zenbait gertakari meteorologikok -hala nola lehorteak, uholdeek, poloetako izotz-geruza urtzeak edo batez besteko tenperaturaren gorakadak- areagotu egin dute klima-aldaketaren inguruko kezka. Besteak beste, aurtengoa inoiz izandako urterik beroena izango dela iragarri dute. Horrenbestez, albiste horietako askoren harira, protagonismo berezia eta etengabekoa izan du aurten hedabideetan eta bestelakoetan klima-aldaketa esamoldeak.
Gainera, horixe da erabilera zabalena duen terminoa, pareko beste esamolde batzuekin alderatuta.
Corpusetako datuek erakusten dutenez, sinonimo gisa erabiltzen den aldaketa klimatiko ez dago hain zabaldua. Horregatik, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso; oraingoz klimatiko adjektiboa jaso ez den bezala.
Bestalde, sinonimoa izan gabe, bada klimatologiaren eta ingurumenaren arloko beste termino bat, kontzeptu horrekin zuzenean lotua dagoena: klima-larrialdia.
Gorago aipatutako albisteez hitz egiteko guztiz egokia izan daitekeen arren (‘klima aldaketak ekar dezakeen egoera larria’ adiera duela dio hiztegiak), oraingoz hedabide orokor askok nagusiki klima-aldaketa erabiltzearen alde egin dute, antza denez.
Horregatik guztiagatik, klima-aldaketa hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitz.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian