Kulturguneak Araban bizi diren kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi ditu, eta horretarako baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko dizkie.
Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak TopAraba egitasmoa abiatu du. Kultura diziplina ezberdinetako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea ditu helburu.
Egitasmo honekin diziplinarteko bi sormen proiektu lagundu nahi dituzte, eta, horretarako, 5.000 euroko diru-poltsa osatuko da.
Abenduaren 22ra arte egongo da izena emateko epea zabalik eta parte hartu nahi duenak landu nahi den proiektu-txostena kultura@lazarraga.eus helbidera bidali beharko du, PDF bakar batean. Antolakuntzak nabarmendu duenez, “egitasmoa bere osotasunean beren-beregi 18 urtetik gorako eta Araban erroldatutako kultur sortzaileei zuzenduta dago”.
Bestalde, abenduaren 24tik hasita, gehienez hamabi hilabete izango dute parte-hartzaileek sormen proiektua garatzeko eta Gasteizko Kulturgunean aurkezteko. Behin betiko epeak eta kronograma Izaskun Arrueko arduradunarekin adostuko dituzte.
Aukeratutako proiektuei ahal den heinean baliabide materialak eta teknikoak eskainiko zaizkie. Besteak beste, prozesua irauten duen hilabete horietarako, Izaskun Arrue Kulturgunean entseguetarako edo lanerako espazioa eta materiala eskainiko zaie. Halaber, Lazarraga kultur Elkarteko lantaldeak sormen prozesuari jarraipena egingo dio, eta parte-hartzaileek behar izanez gero haien laguntza jasoko dute.
2025. urtea amaitu aurretik egingo dira lehen aldiz kulturgunean TopAraba 2024ko aurkezpen publikoak. Behin aurkezpena eginda, proiektuak bestelako kulturgune eta antzoki ezberdinetan aurkeztu ahal izango direla azpimarratu dute antolatzaileek.
Oinarriak, hemen.
You may also like
-
Azken Dantza izenpean, Pantxoak eta Peiok euren ibilbideko azkena izango den kontzertua egingo dute 2027ko urtarrilaren 10ean, BECen
-
La Mapatxa konpainiaren ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlanak irekiko du Gasteizko Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldia
-
Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du
-
Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen
-
‘Hauspoa & Tunela’, trikitiaren sorlekua Zumarraga dela agerian uzten duen dokumentala estreinatuko dute ostiralean Donostian